Soto etxea – Etxezuria birgaitzeko lanak aurrera doaz, urte amaieran baratzetan aritzeko prestakuntza, ingurumen-hezkuntza eta ikerketa gune bihurtzeko.

2026/04/16

Soto etxea – Etxezuria baratzetan aritzeko prestakuntza, ingurumen-hezkuntza eta ikerketa gune bihurtzeko birgaitzeko lanak joan den azaroaren 18an hasi ziren eta urte bat iraunen dute, 2026ko azaroaren erdialdera arte; Udalak 643.782,72 euroko inbertsioa eginen du.

Lanak baratzezaintzako gune tradizional bat berreskuratzeko dira, gizarte- eta hezkuntza-osagaia txertatuta: eraikina eta inguruko baratzeak nekazaritzarekin lotutako jarduera eta programa osagarriak egiteko erabiliko dira, aisia eta herritarren parte-hartzea sustatze aldera (ingurumen-hezkuntzako proiektuak, azterketa- eta esperimentazio-proiektuak, ekoizpen-eredu alternatiboak…). Eraikinaren azalera eraikia 445,50 m2-koa da, honela banatuta: beheko solairua eta bi altuera, 314 m2-ko azalera erabilgarria barne hartuta.

Birgaitze proiektua esku-hartzerik txikiena egin eta dagoen eraikina errespetatzeko irizpideekin proposatu da. Xedea da eraikita dagoena ahalik eta gehien errespetatzea, eta, horregatik, ahalik eta gutxien eraitsi da erabilera berrira egokitzeko.

Eraikin nagusiaren beheko solairuan Arantzadiko meandroaren parkeko nekazal funtzioarekin lotutako erabilera anitzeko guneak egonen dira (harrera, komunak, lantegien eremua eta ekitaldi-aretoa). Bertan hartuko dira bisitak, ingurumen-hezkuntzako programen eta baratzezaintza ekologikoari buruzko ikastaroen barruan. Erabilera anitzeko gune horietarako, halaber, eraikitako eranskinak erabiliko dira, aurrefabrikatutako modulu bat barne, baratzeetan lan egiten dutenendako aldagelak eta komunak dituena.

Eraikin nagusiko lehen eta bigarren solairuak ikasleak bizitzeko apartamentuak izanen dira, eta gazteek praktikak egiten ahalko dituzte nekazaritza ekologikorako ikasketa- eta prestakuntza-programen barruan.

Proiektu horrek 2030 Hiri Agendan aurrera egiten du, PE115 proiektuan ezarritako Elikadura Jasangarria eta Osasungarria xedeetan.

Argibide gehiago

Gauzatu da Alde Zaharreko Etxebizitza Plan berrirako jarduketa-ildo nagusiak zehazten dituen diagnostikoa. 2025-2035 aldia

2026/03/17

Joan den martxoaren 16an, astelehenarekin, Joxe Abaurrea, Gobernu Estrategikoko, Hirigintzako, Etxebizitzako eta 2030 Agendako Zinegotzi Ordezkariak, Uxua Domblás arlo horretako zuzendariak eta Idoia Madariaga (PCH-IB, SA) Iruña Biziberritzen SA erakundeko zuzendari kudeatzaileak Iruñeko Alde Zaharreko diagnostikoaren ondorioak aurkeztu zituzten.

Diagnostikoan Etxebizitzaren arloan Esku-hartzeko aurreko Planaren (2005) zein 2005 eta 2024 artean Alde Zaharrean esku pribatuek egindako zaharberritze jarduketen azterketak jasotzen dira.

Ondorio horien artean, Iruña Biziberritzen SAk auzorako berriki aurkeztutako Etxebizitza Planari ematen zaion babesa nabarmentzen da. Plan horren xedeen artean, besteak beste, datozen hamar urteetan babestutako 100 etxebizitza eraikitzea dago, nagusiki pertsona eta familia gazteendako, gazteen emantzipatzeko aukera hobetzeko eta auzoak behar duen belaunaldi-aldaketa gertatzeko.

Diagnostiko horretatik abiatuta, 2025-2035 aldirako Alde Zaharreko Etxebizitza Plan berriak lau jarduketa-ildo nagusi definitzen ditu: etxebizitza parkea berritzea, auzoko bizigarritasuna hobetzea eta belaunaldien arteko erreleboa bideratzea:

1- Lehentasunezko eremuetan etxebizitza publikoaren sustapena indartzea, eta Lehentasunez Esku-hartzeko Eremuetan lanean jarraitzea. Higiezinak erosi eta sustapen publikoak egitea bultzatzen jarraituko da, hondatuen dauden eraikinak berritzeko eta babes mailaren bat duten etxebizitza berriak jartzeko merkatuan.

2- Badagoen bizitegi-parkea osorik zaharberritzea sustatzea, irisgarritasuna, energia-efizientzia eta auzoko eraikin zahar eta hauskorrenetako bizigarritasun baldintzak hobetzea ahalbidetzeko jarduketei lehentasuna emanda.

3- Etxejabe-komunitateei ematen zaien laguntza teknikoa indartzea, eta, zaharberritze prozesuak bideratzea gertuko zerbitzuen bidez: bizilagunei lanen diagnostiko, proiektu, finantzaketa eta egikaritze aldietan laguntzea.

4- Esku-hartze publikorako eta lankidetza publiko-pribaturako formula berriak bilatzea, Alde Zaharreko eraikin edo etxe-multzoetan eragiketa konplexuak aktibatzeko, baita etxebizitza-eredu berritzaileak sustatzeko ere, auzoaren bizitegi izaerari eusteko.

Hala, hiria aurrera doa Iruña 2030 Hiri Agendako proiektu estrategikoetan ezarritako xedeak erdiesteko bidean, besteak beste proiektu hauekin: PE201 – Iruña eta auzoak, PE206 – Hiri-berroneratzea eta PE219 – Auzoetako Energia-berroneratzea.

Argibide gehiago

Hona Smart Iruña Lab programako IV. aldian hautatutako proiektuak: banaketarako ibilgailu elektriko autonomo bat, ureztatzea eraginkorrago egiten duen konposatu bat eta argiaren bitartez Internet lurrazpiko galerietara eramatea

2026/02/25

Joan den otsailaren 6an aurkeztu ziren jendaurreko ekitaldi batean Iruñeko Udalak sustatzen duen Smart Iruña Lab programaz baliatuko diren proiektuak. Programa horren bidez, Udalak espazio publikora sarbidea ematen die Smart Cities eremuan garatzen ari diren proiektuei, ingurune erreal batean probatu dezaten. Smart Iruña Lab programak teknologia arloan lankidetza publiko-pribatua nola bultzatzen den erakusten du, eta 2018tik Smart Cities esparru-hitzarmenaren bidez egituratzen da.

Laugarren aldi honetan, aurkeztu diren 13 ekimenetatik honako hiru proposamen hauek hautatu dira: NTDEnergyren Lakota plataforma, ibilgailu elektriko modularren sistema bat azken miliako logistika testuinguruetan; Hidro23- Compsystem, North Delta konpainiaren konposatu biodegradagarri bat, urari eutsi eta ureztatze-efizientzia hobetzen duena, eta LIFIoT, Nexio Ingenieria 2024 enpresaren proposamena, zerbitzu publikoen lurrazpiko galeriak digitalizatzeko. Hiru proposamenak abian daude dagoeneko eta Nafarroatik, Kantabriatik eta Aragoitik datoz.

Iruñeko Udalak, programa horren bidez, hautatutako proiektuei proiektu pilotuaren diseinua egin eta neurrira garatzeko aukera ematen die enpresa sustatzaileei, bai eta espazio publikoan probatzeko ere, ingurune erreal gisa. Proiektu horiek garatzen dituzten enpresei berrikuntzari lotutako aholkularitza eta prestakuntza (negozio-ereduak, komunikazioa, networking, etab.) ere ematen die, eta proiektuen komunikazioa eta emaitzak indartzen ditu udalaren baliabideak erabilita.

Argibide gehiago

Iruñeko Udalak 22.581,18 euroko dirulaguntza jasoko du Santa María la Realen zenbait jarduketa finantzatzeko

2026ko urtarrilak 7

Iruñeko Udalak parteidetzazko diagnostiko bat egin zuen 2025ean, Santa María la Realen hainbat lantegi eta elkarrizketa egiteari esker. Diagnostikoak agerian utzi zuen eremu hori hobetu beharra zegoela, ez baitzegoen oinezkoendako ibilbide irisgarri eta segururik eta agerikoa baitzen asfalto gehiegi zuten espazioak naturalizatzeko beharra. Emaitza horiek ikusita, Udalak erabaki zuen lehen esku-hartzea egitea Lakartxela Mendiaren eta Mendaur Mendiaren kaleen arteko bidegurutzearen inguruan, baina aurrez 2026rako aurreikusitako ideien lehiaketa egin beharra dago.

Berrurbanizazio-lan horien barruan, galtzada murriztu eta oinezkoendako gunea handitu da (espaloiak zabalduz), irisgarritasun unibertsaleko irizpideak oinarri hartuta. Oinezkoen pasabide berri bat eta berdegune eta egonleku berriak ere sortu dira, eta drainatze jasangarriko sistema hiritarrak instalatu dira. Nafarroako Gobernuak 22.581,18 euro emanen ditu jarduketa hauetarako, Lurralde Kohesiorako Departamentuaren Tokiko agendak garatzen dituzten proiektu edo ekintzak gauzatzeko udaletarako 2025eko dirulaguntzak izeneko deialdiaren bidez.

Aipatu esku-hartzea lagungarria izanen da Santa María la Realeko alde hori berroneratzeko, eta, beraz, baita PE206 – Hiriaren berroneratzea proiektuaren helburuak lortzeko ere, oinezkoendako gune atseginagoa sortuko baita (PE109 – Iruña ibiltaria). Horrek guztiak erraztuko du espazioa egonleku eta bizilagunen arteko elkargune gisa erabiltzea; halaber, pertsonen presentzia bultzatzen denez, segurtasuna ere handiagoa izanen da. Era berean, espazio osasungarri bat sortzen du, naturan oinarritutako irtenbideak (drainatze jasangarriko sistema hiritarrak) barne hartzen baititu, eta, gainera, irtenbide horiek lagungarriak dira hiri erresilienteagoak sortu eta klima-aldaketarekin lotutako muturreko gertakariei aurre egiteko, hala nola bero-boladak eta uholdeak.

Proiektua honako hauen barruan kokatzen da: Iruña 2030 Hiri Agendaren lerro estrategikoak, Iruñeko Azpiegitura Berde eta Urdineko Plana, eta Irisgarritasun Plana. Espazio horretarako jarduketa espezifikoa den arren, erakusten du hiria proiektu integratuen bidez (alderdi sozialak, parte-hartzea barne, eta ingurumen-alderdiak kontuan hartzen dituztenak) eraldatzen joateko beharra eta borondatea.

Argibide gehiago

Abiatu da Gurutzetxurian Esku-hartze Orokorreko Proiektu bat sustatzeko prozesua

2025eko abenduaren 17a

Iruñeko Udalak, Ciudad Habitable – Iruña Biziberritzen (PCH-IB) udal-sozietate publikoaren bidez, lankidetzarako hitzarmen-esparrua sinatu du Alaitz Mendiaren kaleko 3. eta Errege Bardea kaleko 3., 5. eta 7. atarietako jabeen erkidegoekin, Gurutzetxurian, Arrosadia / Santa María la Real auzoan, Esku-hartze Orokorreko proiektu bat (EOP) idatzi eta izapidetzea sustatzeko xedez.

Gurutzetxuria EOPa hiria berroneratu eta eraikin guztien energia-efizientzia hobetzera bideratuta dago, eta horretarako PCH-IB udal-sozietate publikoaren eta Arrosadiko Bulego Berdearen laguntza eta aholkularitza ditu, informazioari, orientabideari eta baliabideetarako sarbideari dagokienez, dirulaguntzak barne, bai Esku-hartze Orokorreko proiektua bera idazteko, bai ondoren jarduketak gauzatzeko. Horrenbestez, urratsez urrats, PE219 – Auzoetako energia birgaitzea eta PE206 – Hiri-berroneratzea proiektuetako helburu eta xedeak erdiesten dira.

Esku-hartze Orokorreko Proiektu bat planifikatzeko tresna bat da, zeinak ahalbidetzen baitu etxebizitza kolektiboetako eraikin multzoen birgaitze koordinatua sustatzea, atari bakarra baino maila bat gorago jardutea eta esku-hartzearen ikuspegi osoago bat edukitzea. Etxebizitzen Udal Ordenantzak Arrosadia eta, Alde Zaharra eta bi Zabalguneak parekatzen ditu, Lehentasunez Zaharberritu beharreko Eremuak direlako, eta horrek aukerak areagotzen ditu birgaitzeko laguntza publikoak eskuratze aldera.

PCH-IBk konpromisoa hartzen du, sinatutako hitzarmenaren esparruan, jabeen erkidegoei EOPak egiteko dauden laguntzei buruz informazioa emateko, baita horiek eskatu eta izapidetzen laguntzeko ere. Halaber, hirigintza-araudiari eta aplikatzen ahal diren birgaitzeko baldintza teknikoei buruzko informazioa emanen du, baita behar den agirietan aholkularitza eman ere, eta erkidegoei lagunduko die proiektuari lotutako erabakiak hartzen, batez ere kudeaketaren, koordinazioren eta bitartekaritzaren arloetan, parte direnen arteko adostasuna bideratzeko.

Argibide gehiago

Iruñeko Udalak ibilgailu elektriko berriak izanen ditu urtea amaitu baino lehen

2025/12/10

% 100 elektrikoak diren bi furgoneta berri izanen ditu Iruñeak, gizarte-enplegu babestuko programaren ibai-parkeko garbiketa-, lorezaintza- eta mantentze-lanetako lantaldeen garraio- eta mugikortasun-beharrak asetzeko xedez. Osagai hauek dituzte bi ibilgailuek: 5 eserleku, alboko ate lerragarri beiraztatua, klimatizagailua, ixte-sistema zentralizatua eta beira-jasogailu elektrikoa.

Gizarte-enplegu babestuko programak aldi baterako kontrataziorako lanpostuak eskaintzen dizkie Udaleko gizarte-zerbitzuen erabiltzaileei, errenta bermatua jasotzen dutenei eta gizarte-arrisku edo -bazterketa egoeran daudenei. Lan-jarduera programaren 11 jarduera-lantaldeetako batean egiten dute, eta lantalde horien bidez, hain zuzen, hirirako onuragarriak diren gizarte-ekintzak egiten dira. Kontratazio-aldian prestakuntza, laguntza eta lan- eta gizarte-arloko jarraipena jasotzen dute, haien enplegagarritasuna hobetze aldera.

Bestalde, Iruñeko Udaltzaingoaren Hurbiltasuneko eta Bide Segurtasuneko Brigadak ere ibilgailu berriak izanen ditu: bi ibilgailu trinko edo SUV dira, biak ala biak % 100 elektrikoak. Inbertsioak Europako Next Generation EU funtsen finantzaketa du, Moves III laguntza-programaren bidez, Espainiako Gobernuaren Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan. Ibilgailu horiek urtea amaitu baino lehen entregatuko dira, errotulatu gabe, eta zuriak izanen dira.

Prestazio handiko ibilgailu elektrikoak dira, eta hiri-bilbeko bideetan barna zirkulatzeko gaitasuna izateaz ez ezik, udal-flota berritu eta Udaltzaingoaren eraginkortasun operatiboa hobetzen dute. Hori gutxi balitz, ibilgailu horiek eskuratzea funtsezkoa da berotegi-efektuko gasen isuriak nabarmen murrizteko, hots-kutsadura minimizatzeko, erregaiekin eta mantentze-lanekin lotutako gastuek behera egiteko eta zerbitzu operatiboaren erabilgarritasuna hobetzeko.

Aipatu ibilgailuak eskuratzeari esker, Iruñeak aurrera egiten du PE 112 Mugikortasun Elektrikoa proiektuaren helburuak betetzeko prozesuan.

Argibide gehiago:

Ehuneko ehunean elektrikoak diren bi furgoneta berri izanen ditu Iruñeak, gizarte-enplegu babestuko programaren garraio- eta mugikortasun-beharrak asetzeko xedez

Iruñeko Udaltzaingoak % 100 elektrikoak diren prestazio handiko bi ibilgailu berri ditu

IRUÑEKO UDALEKO LANGILEEK BIDEZKO MERKATARITZARI BURUZKO PRESTAKUNTZA JASO DUTE NAFARROAKO BIDEZKO MERKATARITZAREN PARTZUERGOAREN ESKUTIK

2025eko abenduaren 2a

Iruñeko Udaleko zenbait unitatetako langileek bidezko merkataritzaren arloko prestakuntza jaso zuten Udalaren beraren Garapenaren aldeko Lankidetza Programak antolatutako saio batean.

Helburua bidezko merkataritzari buruz sentsibilizatzea zen, hura nola susta daitekeen balioesteko. Saioa SETEM Nafarroa eta Oxfam Intermón elkarteetako zenbait kidek eman zuten, joan den azaroaren 27an, Geltokin. Entitate horiek, Equi Mercado eta Alboan erakundeekin batera, Nafarroako Bidezko Merkataritzaren Partzuergoa osatzen dute. Partzuergo hori 2003tik ari da lanean Iruñean, kontsumo arduratsuaren eta bidezko merkataritzaren sustapenaren eta hedapenaren alde eginez.

Saioan honako gai hauek jorratu ziren: bidezko merkataritzaren definizioa eta haren harremana pertsonen eskubideekin eta ingurumenaren babesarekin, ziurtatzeko sistemak, produktuak eta horien merkaturatzea.

Era berean, nabarmendu zen 2030 Agendaren Garapen Jasangarriko Helburuekiko (GJH) harremana (bereziki, 12. GJHa – Ekoizpen eta kontsumo arduratsuak), eta zenbait adibide aurkeztu ziren, agintari publikoek bidezko merkataritza kontratazio publikoaren eta bestelako ekimenen bidez nola laguntzen ahal duten erakusteko.

Saioak ordubete iraun zuen, eta elkarte horiek eskainitako kafe batekin eta bidezko merkataritzako pastekin eman zitzaion amaiera.

Jardunaldiaren aurkezpenaren kartela

Iruñeko Udalak horrelako ekimenak aurreikusten ditu PE 207 Kontsumo arduratsua proiektuan, Iruña 2030 Hiri Agendaren esparruan.

Iruñeko Udalak eta Nafarroako Unibertsitateak ideien laborategi bat abian jarriko dute hiriaren hirigintzarekin eta arkitekturarekin lotutako proiektuak garatzeko

2025eko azaroaren 26a

Iruñeko Udalak eta Nafarroako Unibertsitateko Arkitekturako Goi Eskolak (ESAUN) ideien laborategi bat abian jarriko dute, hiria hobetzeko proiektu urbanistikoak eta arkitektonikoak garatzeko asmoz. Horretarako, lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute, Iruñean CTLab bat sortzeko; hau da, laborategi teknologiko eta sortzailea, ikasleen prestakuntza eta ikerketa sustatuko duena. Proiektua hiru urtez garatuko da, baina beste hiru urtez luzatzeko aukera dago.

Iruñeko Udalak konpromisoa hartzen du hiriari konponbide berritzaileak emanen dizkioten proiektu eta ideia berriak babesteko, besteak beste, honako arlo hauetan: jasangarritasuna, mugikortasuna, merkataritza, hirigintza eta digitalizazioa. Bestalde, CTLab Pamplona – Iruña laborategiak ikaskuntza-zerbitzuko proiektuak bultzatuko ditu. Horiei esker, ikasleek prestakuntza jasotzen jarraitu eta, aldi berean, egungo arazoei benetako konponbideak emanen dizkiete. Era berean, hiriari zerbitzu bat eskainiko diote. Horretarako, ESAUNek konpromisoa hartzen du konponbide horien inguruko azterlanak eta ikerketak egiteko, Udalaren interesekin bat. Era berean, une oro egiten ari diren jardueren berri emanen dio Udalari.

CTLab Pamplona – Iruña laborategiak hiru proiektu landuko ditu: Lehenbizikoan, Iruñerriko Mankomunitatearen egoitzara sartzeko eremuan zenbait proposamen efimero sortuko dira; bigarrenean, bizikletak konpontzeko lantegi bat sortuko da campusaren inguruan, inguru hori EuroVelo ibilbidearen parte baita; eta hirugarrenean, Santa María la Real auzorako hiri-berroneratzeko proposamenak eta ideiak proposatuko dira.

Udalak hedatuko ditu CTLab Iruña laborategian garatzen diren proiektuen emaitzak. Horretarako, erakustaldiak eta erakusketak antolatuko ditu.

Jarduketa honetaz gain, badira beste zenbait ekimen, hala nola Smart Iruña Lab (deialdia azaroaren 28ra arte dago zabalik), zeinetan hiria laborategi bihurtzen baita, enpresek, ekintzaileek eta unibertsitateek hobekuntza-ekintzak proposa ditzaten.  

Argibide gehiago

Kontaktatu

                   

Contacta en oficinaestrategica@pamplona.es

Iruñeko Udala da datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna, eta datu horiek erabiliko dira zure informazio eskaera kudeatzeko.

Datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, mugatzeko edo datuak babesteko araudiak aitortutako beste eskubide batzuk erabiltzen ahal dituzu Erregistro Orokorrera (Kale Nagusia 2, Iruña) edo egoitza elektronikora joz.

    Privacy Overview

    This website uses cookies so that we can provide you with the best user experience possible. Cookie information is stored in your browser and performs functions such as recognising you when you return to our website and helping our team to understand which sections of the website you find most interesting and useful.