2026/04/16
Soto etxea – Etxezuria baratzetan aritzeko prestakuntza, ingurumen-hezkuntza eta ikerketa gune bihurtzeko birgaitzeko lanak joan den azaroaren 18an hasi ziren eta urte bat iraunen dute, 2026ko azaroaren erdialdera arte; Udalak 643.782,72 euroko inbertsioa eginen du.
Lanak baratzezaintzako gune tradizional bat berreskuratzeko dira, gizarte- eta hezkuntza-osagaia txertatuta: eraikina eta inguruko baratzeak nekazaritzarekin lotutako jarduera eta programa osagarriak egiteko erabiliko dira, aisia eta herritarren parte-hartzea sustatze aldera (ingurumen-hezkuntzako proiektuak, azterketa- eta esperimentazio-proiektuak, ekoizpen-eredu alternatiboak…). Eraikinaren azalera eraikia 445,50 m2-koa da, honela banatuta: beheko solairua eta bi altuera, 314 m2-ko azalera erabilgarria barne hartuta.
Birgaitze proiektua esku-hartzerik txikiena egin eta dagoen eraikina errespetatzeko irizpideekin proposatu da. Xedea da eraikita dagoena ahalik eta gehien errespetatzea, eta, horregatik, ahalik eta gutxien eraitsi da erabilera berrira egokitzeko.
Eraikin nagusiaren beheko solairuan Arantzadiko meandroaren parkeko nekazal funtzioarekin lotutako erabilera anitzeko guneak egonen dira (harrera, komunak, lantegien eremua eta ekitaldi-aretoa). Bertan hartuko dira bisitak, ingurumen-hezkuntzako programen eta baratzezaintza ekologikoari buruzko ikastaroen barruan. Erabilera anitzeko gune horietarako, halaber, eraikitako eranskinak erabiliko dira, aurrefabrikatutako modulu bat barne, baratzeetan lan egiten dutenendako aldagelak eta komunak dituena.
Eraikin nagusiko lehen eta bigarren solairuak ikasleak bizitzeko apartamentuak izanen dira, eta gazteek praktikak egiten ahalko dituzte nekazaritza ekologikorako ikasketa- eta prestakuntza-programen barruan.
Proiektu horrek 2030 Hiri Agendan aurrera egiten du, PE115 proiektuan ezarritako Elikadura Jasangarria eta Osasungarria xedeetan.
Argibide gehiago