Iruñeko Udalaren irisgarritasun-unitate berriak Irisgarritasun Integraleko Plana betetzen dela zainduko du.

2026ko uztailaren 20a

Iruñeko Udalak berriki aurkeztu ditu irisgarritasun-unitate berria eta Iruñeko Irisgarritasun Integraleko Kontseilua, zeina funtsezko tresna izanen baita esparru horretan parte-hartzea sustatzeko. Udalak Iruñeko hiriaren Irisgarritasun Integraleko Plan Estrategikoa du, hiriburuan irisgarritasun unibertsala kudeatzeko eta sustatzeko egindako dokumentua.

Irisgarritasun Plana 2026an ezartzeko estrategiari dagokionez, udal-teknikari batek hartu du jada lidergo teknikoaren ardura, hala barrura nola kanpora begira. Era berean, Iruñeko Irisgarritasun Integraleko Kontseilua eratzeko izapideak egin dira. Irisgarritasun-unitatearen eta Kontseiluaren arteko lan koordinatuari esker sortuko da urteko plan operatiboa.

2024tik hainbat ekintza egin dira, eta Planak adierazten dituen sei ildo estrategikoetan multzokatuta daude.

Irisgarritasun-unitatea abian jartzen ari den neurririk garrantzitsuena da SVIsual programa ezartzea herritarrei arreta emateko bost zerbitzutan. Programa honek udal-zerbitzuak eskuratzeko aukera ematen die entzumen-desgaitasuna duten pertsonei, ASORNA-Nafarroako Pertsona Gorren Elkartearekin sinatutako hitzarmenari esker.

Horrez gain, Nafarroako Desgaituen Entitate Ordezkarien Batzordearekin (CERMIN) hitzarmen bat sinatu da, honako hauek sustatzeko asmoz: desgaitasuna duten pertsonen parte-hartzea; CERMIN osatzen duten entitateen jardueren berri ematea eta desgaitasunaren, irisgarritasunaren eta elkarte-mugimenduaren ikuspegia hedatzea Iruñeko Udalean. Sanferminei dagokienez, berariazko neurriak ezarri dira pertsona guztiek programa ofizialeko jarduera orotan parte hartzeko aukera izan zezaten.

Argibide gehiago

Adinekoendako apartamentuen Udal Ordenantza berria

2026ko uztailaren 16a

Iruñeko Tokiko Gobernu Batzarrak adinekoendako apartamentuen zerbitzua arautzen duen ordenantza berria onetsi du, aurreko araudia (1999koa) ordezkatzeko. Helburu nagusiak honako hauek dira: PE 2010 Adinekoendako Arreta Eredu Berria proiektu estrategikoarekin bat, zerbitzuaren kalitatea hobetzea pertsona erdigunean jartzen duen eredu baten bidez; itxaron-zerrendak murriztea eta zerbitzua eskuratzeko eta kudeatzeko irizpideak eguneratzea; eta araudia azken 25 urteetako gizarte-aldaketetara egokitzea.

Ordenantza berriak adinekoendako udal-apartamentuak –egun udalak 143 apartamentu ditu Iruñeko zenbait auzotan banatuta 288 plazara arteko edukierarekin– eskuratzeko irizpide berriak ezartzen ditu; honako hauek dira: Iruñean erroldatuta egotea gutxienez bi urteko antzinatasunarekin, etxebizitza-arazo larria izatea (espazio falta, oztopo arkitektonikoak, kalean egotea…), autonomoa izatea eta bere kabuz baliatzeko gaitasuna izatea, hileko kuota ordaintzeko gaitasun ekonomikoa izatea eta aldeko gizarte-txostena aurkeztea.

Kontsulta publiko baten ondorioz, sartzeko puntuazioa berrantolatu zen eta itxaron-zerrendan emandako denboragatik lortutako puntuak 20tik 15era murriztu ziren. Gainerako 5 puntuak diru-sarreren irizpideari gehitu zitzaizkion, baliabide gutxien dutenei laguntze aldera. Beste zenbait irizpide ere zehaztu dira, honako alderdi hauei loturik: etxebizitza-arazo larria, norbere kabuz baliatzeko gaitasuna, gaitasun ekonomikoa eta zerga-betebeharrak.

Gainera, egoiliarren betebeharrak eta balorazio-batzordearen eginkizunak ere birformulatu dira.

Diru-sarrerak baloratzeko erreferentzia ez da orain arte bezala Lanbide arteko Gutxieneko Soldata (LGS) izanen, Nafarroako Gobernuak Errenta Bermatuari buruz urtero finkatzen duen zenbatekoa baizik. Horrek, hobeki doituko du ebaluazioa tokiko gizartearen errealitatera.

Gobernu Batzarrak onetsi ondoren, Herritarren Aferen Batzordeak berrikusiko du ordenantza eta Osoko Bilkuran aurkeztuko da behin betiko onespena eman eta indarrean sar dadin.

Argibide gehiago

Beheko solairuak aktibatzeko eta antolatzeko plana aurkeztu da, eta helburu hauek ditu: hurbileko merkataritza babestu eta suspertzea, beheko solairuan etxebizitzak egitea erraztea eta hutsik dauden lokalen kopurua murriztea.

2026/06/24

Iruñeko Udalak hiriko beheko solairuak aktibatzeko eta antolatzeko plana aurkeztu du. Honako hauek dira helburu orokorrak: hurbileko merkataritza suspertzea, hutsik dauden lokalen kopurua murriztea, ondarea babestea, etxebizitza arduraz sustatzea, hiri-nortasuna babestea, bizikidetza hobetzea eta dagoeneko eraikita dauden eraikinei probetxua ateratzea. Planaren ezarpenaren baitan, parte hartzeko eta iritziak trukatzeko prozesua eginen da hainbat eragileren artean; era berean, plana ezartzeak aldaketa hauek eraginen ditu: araudia egokitzea beheko solairuetan kalitatezko etxebizitzak egin daitezen; hirigintza-plangintza aldatzea hurbileko merkataritza babesteko, eta ehun urtetik gorako saltoki berezien babes-katalogoak aldatzea.

Plana lau helburutan egituratzen da: beheko solairuen eraldaketa antolatzea eta etxebizitza-erabilera eta jarduera ekonomikoa orekatzea; establezimendu historikoak eta ondare-balioa duten elementuak babestea; merkataritza indartzea azpiegitura sozial eta ekonomiko egituratzaile gisa; eta bizitegi-tipologia berrietarako araudia eguneratzea eta izapideak sinplifikatzea.

Iruñeak gero eta etxebizitza-eskaera handiagoari aurre egin behar dio; baina, era berean, lehen beheko solairuetan oso ohikoak ziren hirugarren sektoreko erabilerak gero eta urriagoak dira.  Bi dinamika horien ondorioz, beheko solairuetan dauden lokal horiek gero eta gehiago bideratzen dira bizitegi-erabilerara edo apartamentu turistiko gisa erabiltzera. Aldi berean, hiriko saltoki historikoek eta establezimendu enblematikoek berezko izaera ematen diote hiriari, eta haren nortasunaren parte dira. Kontsumo-ereduetan eta hiriko merkataritzaren egitura ekonomikoan izandako aldaketek, kasu batzuetan nortasun hori lausotzea ekarri dute.

Plan honen bidez, eraldaketa horiek antolatzea proposatzen da, jarduera ekonomikoa egituratzailea den tokietan hala izaten jarrai dezan eta errazagoa izan dadin erabilera berriak ezartzea hutsik dauden edo gutxiegi erabiltzen diren guneak aktibatzen eta hiriaren bizitasuna indartzen laguntzeko.

Ekimen honi esker, aurrera eginen dugu 209. PE – Etxebizitza irisgarriak lokal hutsetan proiektuan.

Argibide gehiago

Iruñerriko 17 udalek, Nafarroako Gobernuak eta Mankomunitateak protokolo bat sustatu dute lurraldearen eta zerbitzuen planifikazioan lankidetzan aritzeko.

2026ko ekainaren 10a

Hiri gehienetan, hiri-errealitateak eta haietan bizi diren pertsonen egunerokoak muga administratiboak gainditzen ditu. Iruñearen kasuan, hiri-errealitate horrek 17 udal eta 374.000 biztanle baino gehiagoko (Foru Komunitateko biztanleria osoaren % 55) metropolialde baten aurrean gaudela esan nahi du. Hori dela eta, Iruñeko Udalak administrazio publiko guztien arteko lankidetza proposatu du, garapen bateratu eta koordinatuari bide emateko eta herritarrendako zerbitzuak elkarrekin emateko. Proposamen hori, maiatzaren 28an jarduteko protokolo orokor bihurtu zen, metropolialdeko 17 udalerriek, Nafarroako Gobernuak eta Iruñerriko Mankomunitateak sinatu baitzuten.

Agiri horren bidez, sinatzaileek lankidetzan aritzeko konpromisoa hartu dute, bai udalerri horiek hartzen duten lurraldearen, bai eskaintzen dituzten zerbitzuen diseinuan eta plangintza estrategikoan.

Plangintza estrategiko hori zehazte aldera, Iruñerriko foro bat sortu da, erakunde sinatzaile guztien ordezkariek osatuko dutena. Foro hori funtsezkoa izanen da plangintza koordinatuaren arloan urratsak egiteko, eta haren esanetara egonen dira koordinatutako arlo eta helburuetan aurrera egiteko ekimenak garatzeko, bultzatzeko eta dinamizatzeko sortzen diren organo guztiak. Era berean, jarraipen-batzorde bat eratuko da, protokoloa betetzen dela zaintzeko. Batzorde horrek 4 urteko indarraldia izanen du, baina automatikoki beste lau urtez ere luzatzen ahalko da.

Protokolo hau sinatzea mugarri erabakigarria da Iruña 2030 Hiri Agendako PE301 -Metropolialdea proiektuaren helburuetan aurrera egiteko.

 

Argibide gehiago

Bizikleta elektriko partekatuaren sistema Iruñerrira hedatuko da

2026ko maiatzaren 21a

Iruñerriko hamabost udalek (Iruña, Eguesibar, Barañain, Aranguren Ibarra, Burlata, Berriozar, Galar Zendea, Atarrabia, Esteribar, Zizur Nagusia, Orkoien, Zizur Txikia, Uharte, Ezkabarte eta Antsoain) interesa agertu dute Iruñeko Udalak eta Iruñerriko Mankomunitateak sustaturiko bizikleta elektriko partekatuaren sistema elkartuarekiko, eta zerbitzua abian jartzeko eginen den lehenbiziko deialdian sartzea eskatu dute. Guztira 40 geltoki eta 400 bizikleta jartzeko eskaera jaso dira, Iruñean ezarri nahi diren 50 geltoki eta 500 bizikletei gehituko litzaizkiekeenak.

Zerbitzua kudeatzeko hamar urterako esparru-akordioa lizitatzea da asmoa. Lizitazioa enpresa bakarrari emanen litzaioke, zerbitzua abian jartzeko elementuek eta etorkizunekoek antzekoak izan behar baitute, bateragarriak eta sistema berdinen bidez kudeatu beharrekoak. Esparru-akordio horretatik eratorriko dira zerbitzua handitu eta eskualdera zabaltzeko bideratuko diren kontratuak. Esparru-akordio horretatik eratorritako lehen kontratua (hiri osoan zehar banatuko diren 500 bizikleta elektriko eta 50 geltoki) Iruñeko Udalari esleituko zaio.

2028ra arte, aurreikuspenen arabera orduan hartuko baitu Iruñerriko Mankomunitateak bere gain Iruñerri osoko zerbitzua, gutxienez beste hiru aukera eskainiko dira esparru-akordioarekin bat egiteko. Udal bakoitzak bere plangintza propioa eginen du, aurreikusi dituen geltoki guztiak batera, edo, bestela, aldika ezartzeko.

Instalatutako geltoki bakoitzeko 25.000 eurora arte ordaintzea, eta erabilgarri dagoen bizikleta bakoitzeko 245 euroko kostua aurreikusten du zerbitzua finantzatzeko proposamenak. Kopuru hori %33 murriztuko litzateke erabiltzaileei kobratuko zaizkien tarifei esker.

Ekimen honi esker, Iruñeko Udalak zuen bizikleta publikoen zerbitzua hiriaren errealitatera eta hiri-mugikortasunaren beharretara egokituko da, eta urrats berriak eginen dira Iruña 2030 Hiri Agendaren hiru proiektu gauzatzeari dagokionez: 106.PE – Bizikletaren Eskualdeko Plan Integrala, 107.PE – Iruñerriko Hiri Mugikortasun Iraunkorreko Plana, eta 112.PE – Mugikortasun elektrikoa.

Argibide gehiago, hemen

Kultura-turismoa bultzatzea: Kultura Turismoko Produktuen Kluba

2026ko maiatzaren 6a

Iruñeko Udalak Kultura Turismoko Produktuen Klubaren dinamizazioa kontratatu du, Iruñeak helmuga gisa duen lehiakortasuna hobetu eta kultura-turismoak hirian duen eragin turistiko eta ekonomikoa areagotzeko. Kontratuak laguntza teknikoa barne hartzen du, klubaren egunerokoan kudeaketa-lanak egin eta kide diren eta izanen diren entitateak erakarri eta dinamizatzeko.

Adjudikaziodunak (Aldaz Aravio Torre Nerea eta Cabestrero Echeverria Mikel Sozietate Irregularra) enpresak sentsibilizatu eta kide egiteko plan bat landuko du, honako hauek barne hartuta: ekintzen kronograma eta klubaren parte izaten ahal diren enpresa, entitate eta erakundeak aktiboki bilatzeko plan bat. Era berean, zeregin hauek izanen ditu: kluba osatzen duten enpresei zuzendutako jarraipen eta enpresa-hobekuntzarako plan bat egitea, kluba sustatu eta merkaturatzeko plan bat sortzea eta klubaren parte diren entitate eta enpresei prestakuntza, aholkularitza eta laguntza teknikoko plan bat proposatzea.

Gaur egun, 23 enpresa eta entitatek osatzen dute kluba, besteak beste, museoak, hotelak, jatetxeak eta upeltegiak, baita gune turistikoak ere, esate baterako San FermIN! Espazioa. Laguntza teknikoaren bidez, kide kopuruak gora egin dezan bilatuko da, eta, horretarako, Iruñeak eta ingurumariek eskaintzen dituzten kultura-turistikoaren esparru guztiei helduko zaie eta jatorriz klubaren parte den sektore publiko eta pribatuaren aliantza estrategikoa indartuko da.

Iruñeko Kultura Turismoko Produktuen Kluba hiriko eskaintza kulturala sustatu eta hobetzeko estrategia da, eta turista eta bisitariei eskaintzen zaien zerbitzua bateratzea du helburu, bikaintasuna lortze aldera. Gainera, jarduera turistikoen programa baten bidez, turismoaren urtarokotasuna etetea eta merkatuak dibertsifikatzea du xede.

Egitasmo honen bidez hiriak aurrerapausoak ematen ditu Iruña 2030 Hiri Agendako 409. proiektu estrategikoko San Fermin 360º proiektuaren helburuak lortzeko bidean.

Argibide gehiago

Soto etxea – Etxezuria birgaitzeko lanak aurrera doaz, urte amaieran baratzetan aritzeko prestakuntza, ingurumen-hezkuntza eta ikerketa gune bihurtzeko.

2026/04/16

Soto etxea – Etxezuria baratzetan aritzeko prestakuntza, ingurumen-hezkuntza eta ikerketa gune bihurtzeko birgaitzeko lanak joan den azaroaren 18an hasi ziren eta urte bat iraunen dute, 2026ko azaroaren erdialdera arte; Udalak 643.782,72 euroko inbertsioa eginen du.

Lanak baratzezaintzako gune tradizional bat berreskuratzeko dira, gizarte- eta hezkuntza-osagaia txertatuta: eraikina eta inguruko baratzeak nekazaritzarekin lotutako jarduera eta programa osagarriak egiteko erabiliko dira, aisia eta herritarren parte-hartzea sustatze aldera (ingurumen-hezkuntzako proiektuak, azterketa- eta esperimentazio-proiektuak, ekoizpen-eredu alternatiboak…). Eraikinaren azalera eraikia 445,50 m2-koa da, honela banatuta: beheko solairua eta bi altuera, 314 m2-ko azalera erabilgarria barne hartuta.

Birgaitze proiektua esku-hartzerik txikiena egin eta dagoen eraikina errespetatzeko irizpideekin proposatu da. Xedea da eraikita dagoena ahalik eta gehien errespetatzea, eta, horregatik, ahalik eta gutxien eraitsi da erabilera berrira egokitzeko.

Eraikin nagusiaren beheko solairuan Arantzadiko meandroaren parkeko nekazal funtzioarekin lotutako erabilera anitzeko guneak egonen dira (harrera, komunak, lantegien eremua eta ekitaldi-aretoa). Bertan hartuko dira bisitak, ingurumen-hezkuntzako programen eta baratzezaintza ekologikoari buruzko ikastaroen barruan. Erabilera anitzeko gune horietarako, halaber, eraikitako eranskinak erabiliko dira, aurrefabrikatutako modulu bat barne, baratzeetan lan egiten dutenendako aldagelak eta komunak dituena.

Eraikin nagusiko lehen eta bigarren solairuak ikasleak bizitzeko apartamentuak izanen dira, eta gazteek praktikak egiten ahalko dituzte nekazaritza ekologikorako ikasketa- eta prestakuntza-programen barruan.

Proiektu horrek 2030 Hiri Agendan aurrera egiten du, PE115 proiektuan ezarritako Elikadura Jasangarria eta Osasungarria xedeetan.

Argibide gehiago

Gauzatu da Alde Zaharreko Etxebizitza Plan berrirako jarduketa-ildo nagusiak zehazten dituen diagnostikoa. 2025-2035 aldia

2026/03/17

Joan den martxoaren 16an, astelehenarekin, Joxe Abaurrea, Gobernu Estrategikoko, Hirigintzako, Etxebizitzako eta 2030 Agendako Zinegotzi Ordezkariak, Uxua Domblás arlo horretako zuzendariak eta Idoia Madariaga (PCH-IB, SA) Iruña Biziberritzen SA erakundeko zuzendari kudeatzaileak Iruñeko Alde Zaharreko diagnostikoaren ondorioak aurkeztu zituzten.

Diagnostikoan Etxebizitzaren arloan Esku-hartzeko aurreko Planaren (2005) zein 2005 eta 2024 artean Alde Zaharrean esku pribatuek egindako zaharberritze jarduketen azterketak jasotzen dira.

Ondorio horien artean, Iruña Biziberritzen SAk auzorako berriki aurkeztutako Etxebizitza Planari ematen zaion babesa nabarmentzen da. Plan horren xedeen artean, besteak beste, datozen hamar urteetan babestutako 100 etxebizitza eraikitzea dago, nagusiki pertsona eta familia gazteendako, gazteen emantzipatzeko aukera hobetzeko eta auzoak behar duen belaunaldi-aldaketa gertatzeko.

Diagnostiko horretatik abiatuta, 2025-2035 aldirako Alde Zaharreko Etxebizitza Plan berriak lau jarduketa-ildo nagusi definitzen ditu: etxebizitza parkea berritzea, auzoko bizigarritasuna hobetzea eta belaunaldien arteko erreleboa bideratzea:

1- Lehentasunezko eremuetan etxebizitza publikoaren sustapena indartzea, eta Lehentasunez Esku-hartzeko Eremuetan lanean jarraitzea. Higiezinak erosi eta sustapen publikoak egitea bultzatzen jarraituko da, hondatuen dauden eraikinak berritzeko eta babes mailaren bat duten etxebizitza berriak jartzeko merkatuan.

2- Badagoen bizitegi-parkea osorik zaharberritzea sustatzea, irisgarritasuna, energia-efizientzia eta auzoko eraikin zahar eta hauskorrenetako bizigarritasun baldintzak hobetzea ahalbidetzeko jarduketei lehentasuna emanda.

3- Etxejabe-komunitateei ematen zaien laguntza teknikoa indartzea, eta, zaharberritze prozesuak bideratzea gertuko zerbitzuen bidez: bizilagunei lanen diagnostiko, proiektu, finantzaketa eta egikaritze aldietan laguntzea.

4- Esku-hartze publikorako eta lankidetza publiko-pribaturako formula berriak bilatzea, Alde Zaharreko eraikin edo etxe-multzoetan eragiketa konplexuak aktibatzeko, baita etxebizitza-eredu berritzaileak sustatzeko ere, auzoaren bizitegi izaerari eusteko.

Hala, hiria aurrera doa Iruña 2030 Hiri Agendako proiektu estrategikoetan ezarritako xedeak erdiesteko bidean, besteak beste proiektu hauekin: PE201 – Iruña eta auzoak, PE206 – Hiri-berroneratzea eta PE219 – Auzoetako Energia-berroneratzea.

Argibide gehiago

Hona Smart Iruña Lab programako IV. aldian hautatutako proiektuak: banaketarako ibilgailu elektriko autonomo bat, ureztatzea eraginkorrago egiten duen konposatu bat eta argiaren bitartez Internet lurrazpiko galerietara eramatea

2026/02/25

Joan den otsailaren 6an aurkeztu ziren jendaurreko ekitaldi batean Iruñeko Udalak sustatzen duen Smart Iruña Lab programaz baliatuko diren proiektuak. Programa horren bidez, Udalak espazio publikora sarbidea ematen die Smart Cities eremuan garatzen ari diren proiektuei, ingurune erreal batean probatu dezaten. Smart Iruña Lab programak teknologia arloan lankidetza publiko-pribatua nola bultzatzen den erakusten du, eta 2018tik Smart Cities esparru-hitzarmenaren bidez egituratzen da.

Laugarren aldi honetan, aurkeztu diren 13 ekimenetatik honako hiru proposamen hauek hautatu dira: NTDEnergyren Lakota plataforma, ibilgailu elektriko modularren sistema bat azken miliako logistika testuinguruetan; Hidro23- Compsystem, North Delta konpainiaren konposatu biodegradagarri bat, urari eutsi eta ureztatze-efizientzia hobetzen duena, eta LIFIoT, Nexio Ingenieria 2024 enpresaren proposamena, zerbitzu publikoen lurrazpiko galeriak digitalizatzeko. Hiru proposamenak abian daude dagoeneko eta Nafarroatik, Kantabriatik eta Aragoitik datoz.

Iruñeko Udalak, programa horren bidez, hautatutako proiektuei proiektu pilotuaren diseinua egin eta neurrira garatzeko aukera ematen die enpresa sustatzaileei, bai eta espazio publikoan probatzeko ere, ingurune erreal gisa. Proiektu horiek garatzen dituzten enpresei berrikuntzari lotutako aholkularitza eta prestakuntza (negozio-ereduak, komunikazioa, networking, etab.) ere ematen die, eta proiektuen komunikazioa eta emaitzak indartzen ditu udalaren baliabideak erabilita.

Argibide gehiago

Iruñeko Udalak 22.581,18 euroko dirulaguntza jasoko du Santa María la Realen zenbait jarduketa finantzatzeko

2026ko urtarrilak 7

Iruñeko Udalak parteidetzazko diagnostiko bat egin zuen 2025ean, Santa María la Realen hainbat lantegi eta elkarrizketa egiteari esker. Diagnostikoak agerian utzi zuen eremu hori hobetu beharra zegoela, ez baitzegoen oinezkoendako ibilbide irisgarri eta segururik eta agerikoa baitzen asfalto gehiegi zuten espazioak naturalizatzeko beharra. Emaitza horiek ikusita, Udalak erabaki zuen lehen esku-hartzea egitea Lakartxela Mendiaren eta Mendaur Mendiaren kaleen arteko bidegurutzearen inguruan, baina aurrez 2026rako aurreikusitako ideien lehiaketa egin beharra dago.

Berrurbanizazio-lan horien barruan, galtzada murriztu eta oinezkoendako gunea handitu da (espaloiak zabalduz), irisgarritasun unibertsaleko irizpideak oinarri hartuta. Oinezkoen pasabide berri bat eta berdegune eta egonleku berriak ere sortu dira, eta drainatze jasangarriko sistema hiritarrak instalatu dira. Nafarroako Gobernuak 22.581,18 euro emanen ditu jarduketa hauetarako, Lurralde Kohesiorako Departamentuaren Tokiko agendak garatzen dituzten proiektu edo ekintzak gauzatzeko udaletarako 2025eko dirulaguntzak izeneko deialdiaren bidez.

Aipatu esku-hartzea lagungarria izanen da Santa María la Realeko alde hori berroneratzeko, eta, beraz, baita PE206 – Hiriaren berroneratzea proiektuaren helburuak lortzeko ere, oinezkoendako gune atseginagoa sortuko baita (PE109 – Iruña ibiltaria). Horrek guztiak erraztuko du espazioa egonleku eta bizilagunen arteko elkargune gisa erabiltzea; halaber, pertsonen presentzia bultzatzen denez, segurtasuna ere handiagoa izanen da. Era berean, espazio osasungarri bat sortzen du, naturan oinarritutako irtenbideak (drainatze jasangarriko sistema hiritarrak) barne hartzen baititu, eta, gainera, irtenbide horiek lagungarriak dira hiri erresilienteagoak sortu eta klima-aldaketarekin lotutako muturreko gertakariei aurre egiteko, hala nola bero-boladak eta uholdeak.

Proiektua honako hauen barruan kokatzen da: Iruña 2030 Hiri Agendaren lerro estrategikoak, Iruñeko Azpiegitura Berde eta Urdineko Plana, eta Irisgarritasun Plana. Espazio horretarako jarduketa espezifikoa den arren, erakusten du hiria proiektu integratuen bidez (alderdi sozialak, parte-hartzea barne, eta ingurumen-alderdiak kontuan hartzen dituztenak) eraldatzen joateko beharra eta borondatea.

Argibide gehiago

Igo 2030 Agendara!

                   

2030eko Iruñeko Hiri Agenda erakundeek, eragileek eta herritarrek hiri hobea lortzeko elkarrekin egindako lanaren emaitza da. Hiri iraunkorra, berdeak, inklusiboa eta irekia lortzeko helburuarekin.
Contacta en oficinaestrategica@pamplona.es

Privacy Overview

This website uses cookies so that we can provide you with the best user experience possible. Cookie information is stored in your browser and performs functions such as recognising you when you return to our website and helping our team to understand which sections of the website you find most interesting and useful.