Iruñeko Udalak 22.581,18 euroko dirulaguntza jasoko du Santa María la Realen zenbait jarduketa finantzatzeko

2026ko urtarrilak 7

Iruñeko Udalak parteidetzazko diagnostiko bat egin zuen 2025ean, Santa María la Realen hainbat lantegi eta elkarrizketa egiteari esker. Diagnostikoak agerian utzi zuen eremu hori hobetu beharra zegoela, ez baitzegoen oinezkoendako ibilbide irisgarri eta segururik eta agerikoa baitzen asfalto gehiegi zuten espazioak naturalizatzeko beharra. Emaitza horiek ikusita, Udalak erabaki zuen lehen esku-hartzea egitea Lakartxela Mendiaren eta Mendaur Mendiaren kaleen arteko bidegurutzearen inguruan, baina aurrez 2026rako aurreikusitako ideien lehiaketa egin beharra dago.

Berrurbanizazio-lan horien barruan, galtzada murriztu eta oinezkoendako gunea handitu da (espaloiak zabalduz), irisgarritasun unibertsaleko irizpideak oinarri hartuta. Oinezkoen pasabide berri bat eta berdegune eta egonleku berriak ere sortu dira, eta drainatze jasangarriko sistema hiritarrak instalatu dira. Nafarroako Gobernuak 22.581,18 euro emanen ditu jarduketa hauetarako, Lurralde Kohesiorako Departamentuaren Tokiko agendak garatzen dituzten proiektu edo ekintzak gauzatzeko udaletarako 2025eko dirulaguntzak izeneko deialdiaren bidez.

Aipatu esku-hartzea lagungarria izanen da Santa María la Realeko alde hori berroneratzeko, eta, beraz, baita PE206 – Hiriaren berroneratzea proiektuaren helburuak lortzeko ere, oinezkoendako gune atseginagoa sortuko baita (PE109 – Iruña ibiltaria). Horrek guztiak erraztuko du espazioa egonleku eta bizilagunen arteko elkargune gisa erabiltzea; halaber, pertsonen presentzia bultzatzen denez, segurtasuna ere handiagoa izanen da. Era berean, espazio osasungarri bat sortzen du, naturan oinarritutako irtenbideak (drainatze jasangarriko sistema hiritarrak) barne hartzen baititu, eta, gainera, irtenbide horiek lagungarriak dira hiri erresilienteagoak sortu eta klima-aldaketarekin lotutako muturreko gertakariei aurre egiteko, hala nola bero-boladak eta uholdeak.

Proiektua honako hauen barruan kokatzen da: Iruña 2030 Hiri Agendaren lerro estrategikoak, Iruñeko Azpiegitura Berde eta Urdineko Plana, eta Irisgarritasun Plana. Espazio horretarako jarduketa espezifikoa den arren, erakusten du hiria proiektu integratuen bidez (alderdi sozialak, parte-hartzea barne, eta ingurumen-alderdiak kontuan hartzen dituztenak) eraldatzen joateko beharra eta borondatea.

Argibide gehiago

Abiatu da Gurutzetxurian Esku-hartze Orokorreko Proiektu bat sustatzeko prozesua

2025eko abenduaren 17a

Iruñeko Udalak, Ciudad Habitable – Iruña Biziberritzen (PCH-IB) udal-sozietate publikoaren bidez, lankidetzarako hitzarmen-esparrua sinatu du Alaitz Mendiaren kaleko 3. eta Errege Bardea kaleko 3., 5. eta 7. atarietako jabeen erkidegoekin, Gurutzetxurian, Arrosadia / Santa María la Real auzoan, Esku-hartze Orokorreko proiektu bat (EOP) idatzi eta izapidetzea sustatzeko xedez.

Gurutzetxuria EOPa hiria berroneratu eta eraikin guztien energia-efizientzia hobetzera bideratuta dago, eta horretarako PCH-IB udal-sozietate publikoaren eta Arrosadiko Bulego Berdearen laguntza eta aholkularitza ditu, informazioari, orientabideari eta baliabideetarako sarbideari dagokienez, dirulaguntzak barne, bai Esku-hartze Orokorreko proiektua bera idazteko, bai ondoren jarduketak gauzatzeko. Horrenbestez, urratsez urrats, PE219 – Auzoetako energia birgaitzea eta PE206 – Hiri-berroneratzea proiektuetako helburu eta xedeak erdiesten dira.

Esku-hartze Orokorreko Proiektu bat planifikatzeko tresna bat da, zeinak ahalbidetzen baitu etxebizitza kolektiboetako eraikin multzoen birgaitze koordinatua sustatzea, atari bakarra baino maila bat gorago jardutea eta esku-hartzearen ikuspegi osoago bat edukitzea. Etxebizitzen Udal Ordenantzak Arrosadia eta, Alde Zaharra eta bi Zabalguneak parekatzen ditu, Lehentasunez Zaharberritu beharreko Eremuak direlako, eta horrek aukerak areagotzen ditu birgaitzeko laguntza publikoak eskuratze aldera.

PCH-IBk konpromisoa hartzen du, sinatutako hitzarmenaren esparruan, jabeen erkidegoei EOPak egiteko dauden laguntzei buruz informazioa emateko, baita horiek eskatu eta izapidetzen laguntzeko ere. Halaber, hirigintza-araudiari eta aplikatzen ahal diren birgaitzeko baldintza teknikoei buruzko informazioa emanen du, baita behar den agirietan aholkularitza eman ere, eta erkidegoei lagunduko die proiektuari lotutako erabakiak hartzen, batez ere kudeaketaren, koordinazioren eta bitartekaritzaren arloetan, parte direnen arteko adostasuna bideratzeko.

Argibide gehiago

Iruñeko Udalak ibilgailu elektriko berriak izanen ditu urtea amaitu baino lehen

2025/12/10

% 100 elektrikoak diren bi furgoneta berri izanen ditu Iruñeak, gizarte-enplegu babestuko programaren ibai-parkeko garbiketa-, lorezaintza- eta mantentze-lanetako lantaldeen garraio- eta mugikortasun-beharrak asetzeko xedez. Osagai hauek dituzte bi ibilgailuek: 5 eserleku, alboko ate lerragarri beiraztatua, klimatizagailua, ixte-sistema zentralizatua eta beira-jasogailu elektrikoa.

Gizarte-enplegu babestuko programak aldi baterako kontrataziorako lanpostuak eskaintzen dizkie Udaleko gizarte-zerbitzuen erabiltzaileei, errenta bermatua jasotzen dutenei eta gizarte-arrisku edo -bazterketa egoeran daudenei. Lan-jarduera programaren 11 jarduera-lantaldeetako batean egiten dute, eta lantalde horien bidez, hain zuzen, hirirako onuragarriak diren gizarte-ekintzak egiten dira. Kontratazio-aldian prestakuntza, laguntza eta lan- eta gizarte-arloko jarraipena jasotzen dute, haien enplegagarritasuna hobetze aldera.

Bestalde, Iruñeko Udaltzaingoaren Hurbiltasuneko eta Bide Segurtasuneko Brigadak ere ibilgailu berriak izanen ditu: bi ibilgailu trinko edo SUV dira, biak ala biak % 100 elektrikoak. Inbertsioak Europako Next Generation EU funtsen finantzaketa du, Moves III laguntza-programaren bidez, Espainiako Gobernuaren Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan. Ibilgailu horiek urtea amaitu baino lehen entregatuko dira, errotulatu gabe, eta zuriak izanen dira.

Prestazio handiko ibilgailu elektrikoak dira, eta hiri-bilbeko bideetan barna zirkulatzeko gaitasuna izateaz ez ezik, udal-flota berritu eta Udaltzaingoaren eraginkortasun operatiboa hobetzen dute. Hori gutxi balitz, ibilgailu horiek eskuratzea funtsezkoa da berotegi-efektuko gasen isuriak nabarmen murrizteko, hots-kutsadura minimizatzeko, erregaiekin eta mantentze-lanekin lotutako gastuek behera egiteko eta zerbitzu operatiboaren erabilgarritasuna hobetzeko.

Aipatu ibilgailuak eskuratzeari esker, Iruñeak aurrera egiten du PE 112 Mugikortasun Elektrikoa proiektuaren helburuak betetzeko prozesuan.

Argibide gehiago:

Ehuneko ehunean elektrikoak diren bi furgoneta berri izanen ditu Iruñeak, gizarte-enplegu babestuko programaren garraio- eta mugikortasun-beharrak asetzeko xedez

Iruñeko Udaltzaingoak % 100 elektrikoak diren prestazio handiko bi ibilgailu berri ditu

IRUÑEKO UDALEKO LANGILEEK BIDEZKO MERKATARITZARI BURUZKO PRESTAKUNTZA JASO DUTE NAFARROAKO BIDEZKO MERKATARITZAREN PARTZUERGOAREN ESKUTIK

2025eko abenduaren 2a

Iruñeko Udaleko zenbait unitatetako langileek bidezko merkataritzaren arloko prestakuntza jaso zuten Udalaren beraren Garapenaren aldeko Lankidetza Programak antolatutako saio batean.

Helburua bidezko merkataritzari buruz sentsibilizatzea zen, hura nola susta daitekeen balioesteko. Saioa SETEM Nafarroa eta Oxfam Intermón elkarteetako zenbait kidek eman zuten, joan den azaroaren 27an, Geltokin. Entitate horiek, Equi Mercado eta Alboan erakundeekin batera, Nafarroako Bidezko Merkataritzaren Partzuergoa osatzen dute. Partzuergo hori 2003tik ari da lanean Iruñean, kontsumo arduratsuaren eta bidezko merkataritzaren sustapenaren eta hedapenaren alde eginez.

Saioan honako gai hauek jorratu ziren: bidezko merkataritzaren definizioa eta haren harremana pertsonen eskubideekin eta ingurumenaren babesarekin, ziurtatzeko sistemak, produktuak eta horien merkaturatzea.

Era berean, nabarmendu zen 2030 Agendaren Garapen Jasangarriko Helburuekiko (GJH) harremana (bereziki, 12. GJHa – Ekoizpen eta kontsumo arduratsuak), eta zenbait adibide aurkeztu ziren, agintari publikoek bidezko merkataritza kontratazio publikoaren eta bestelako ekimenen bidez nola laguntzen ahal duten erakusteko.

Saioak ordubete iraun zuen, eta elkarte horiek eskainitako kafe batekin eta bidezko merkataritzako pastekin eman zitzaion amaiera.

Jardunaldiaren aurkezpenaren kartela

Iruñeko Udalak horrelako ekimenak aurreikusten ditu PE 207 Kontsumo arduratsua proiektuan, Iruña 2030 Hiri Agendaren esparruan.

Iruñeko Udalak eta Nafarroako Unibertsitateak ideien laborategi bat abian jarriko dute hiriaren hirigintzarekin eta arkitekturarekin lotutako proiektuak garatzeko

2025eko azaroaren 26a

Iruñeko Udalak eta Nafarroako Unibertsitateko Arkitekturako Goi Eskolak (ESAUN) ideien laborategi bat abian jarriko dute, hiria hobetzeko proiektu urbanistikoak eta arkitektonikoak garatzeko asmoz. Horretarako, lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute, Iruñean CTLab bat sortzeko; hau da, laborategi teknologiko eta sortzailea, ikasleen prestakuntza eta ikerketa sustatuko duena. Proiektua hiru urtez garatuko da, baina beste hiru urtez luzatzeko aukera dago.

Iruñeko Udalak konpromisoa hartzen du hiriari konponbide berritzaileak emanen dizkioten proiektu eta ideia berriak babesteko, besteak beste, honako arlo hauetan: jasangarritasuna, mugikortasuna, merkataritza, hirigintza eta digitalizazioa. Bestalde, CTLab Pamplona – Iruña laborategiak ikaskuntza-zerbitzuko proiektuak bultzatuko ditu. Horiei esker, ikasleek prestakuntza jasotzen jarraitu eta, aldi berean, egungo arazoei benetako konponbideak emanen dizkiete. Era berean, hiriari zerbitzu bat eskainiko diote. Horretarako, ESAUNek konpromisoa hartzen du konponbide horien inguruko azterlanak eta ikerketak egiteko, Udalaren interesekin bat. Era berean, une oro egiten ari diren jardueren berri emanen dio Udalari.

CTLab Pamplona – Iruña laborategiak hiru proiektu landuko ditu: Lehenbizikoan, Iruñerriko Mankomunitatearen egoitzara sartzeko eremuan zenbait proposamen efimero sortuko dira; bigarrenean, bizikletak konpontzeko lantegi bat sortuko da campusaren inguruan, inguru hori EuroVelo ibilbidearen parte baita; eta hirugarrenean, Santa María la Real auzorako hiri-berroneratzeko proposamenak eta ideiak proposatuko dira.

Udalak hedatuko ditu CTLab Iruña laborategian garatzen diren proiektuen emaitzak. Horretarako, erakustaldiak eta erakusketak antolatuko ditu.

Jarduketa honetaz gain, badira beste zenbait ekimen, hala nola Smart Iruña Lab (deialdia azaroaren 28ra arte dago zabalik), zeinetan hiria laborategi bihurtzen baita, enpresek, ekintzaileek eta unibertsitateek hobekuntza-ekintzak proposa ditzaten.  

Argibide gehiago

Iruñeko Mankomunitateak Klima Aldaketarako eta Energiarako 2030 Estrategian egindako aurrerapenak aurkeztu zituen

2025/11/19

Javier Zardoya Iruñerriko Mankomunitateko Energia Berriztagarrien eta Azpiegituren teknikariak Iruñeko Mankomunitatearen Aldaketa Klimatikorako eta Energiarako 2030 Estrategian egindako aurrerapenak aurkeztu zituen azaroaren 5ean,Life Plan4CET Europako proiektuak antolatutako jardunaldi batean; Nafarroako Gobernua da proiektuaren burua, eta Iruñeko Udalak ere egitasmoan parte hartzen du. Jardunaldia, hain zuzen ere, Mankomunitatearen egoitzan izan zen, Pinaquy aretoan zehatz-mehatz, eta bertan Plan4CET proiektuaren gainerako bazkideen ordezkariek hartu zuten parte.

Javier Zardoyak ekitaldian aurkeztu zituen estrategia horretan egindako aurrerapenak. Hain zuzen ere, estrategia horrek erantzuna ematen dio 2030ean neutraltasun klimatikoa izateko helburuari, Mankomunitatearen Plan Estrategikoan zehaztutakoari jarraikiz. Hori lortzeko, Iruñerriko Mankomunitateak kudeatutako zerbitzuen osagarritasuna baliatu nahi da, zirkulartasuna abiapuntu hartuta zerbitzuen arteko sinergiei etekina atera nahi baitie erakunde horrek. Hala, egun eraikitzen ari diren Iruñerriko Ingurumen Zentroan sortuko den biogasa erregai gisa erabiliko da Iruñerriko Hiri Garraioko autobusetan eta zerbitzuetan sortutako hondakinak biltzeko kamioietan. Mankomunitateak kudeatzen dituen azpiegituretan jartzen ari diren instalazio fotovoltaikoak ere lagungarriak izanen dira energia-autosufizientzia lortzeko, besteak beste, Uraren Ziklo Integraleko eraikin industrial nagusietan jartzen ari direnak, baita Egillor, Urtasun eta Eugi urtegietan sortzen den energia hidraulikoa ere.

Iruñerriko Mankomunitateak Iruñeko Hiri Agenda – 2030 Estrategia garatzeko Tokiko Ituna sinatu zuten erakundeetako bat da, eta Klima Aldaketarako eta Energiarako Estrategia Iruña 2030 Hiri Agendan dago jasota (PE 103 – karbono-aztarnarik gabeko Mankomunitatea); nolanahi ere, helburu anbiziotsuagoa du estrategia horrek: Iruñeak neutraltasun klimatikoa izatea 2050ean.  

Argibide gehiago

Sarean lanean III. Hiri Foroan

2025eko azaroaren 12a

Urriaren 22an eta 23an, Iruñeko Udaleko Estrategia Bulegoko zuzendari Iñaki Apezteguiak Coruñan egin zen Espainiako III. Hiri Foroan parte hartu zuen. Bertan izan ziren Hiri Agenden ezarpenari lotutako hainbat entitate publiko eta pribatutako ordezkariak. Hain zuzen, Etxebizitza eta Hiri Agendako Ministerioko eta gure hiriko ordezkariez gain, Nafarroako Gobernuak ere parte hartu zuen; izan ere, hiriok ditugun erronkei aurre egiteko, beharrezkoa da administrazioaren maila desberdinen arteko lankidetza, askotan hainbat administrazioren eskumenekoak diren jarduketak koordinatu behar baitira.

Bestalde, gure inguruko hirietan oso antzeko erronkei aurre egin behar diegunez, lankidetza bertikala ez da nahikoa; aitzitik, berdinen artean lankidetzan aritu behar dugu hiriok elkarrengandik ikas dezagun erronka handi horien inguruan aurrerapausoak emateko.

Edizio honetan “Espainiako Hiri Agenda: planifikaziotik ezarpenera” leloa zuen gaia jorratu zen. Hain zuzen, Hiri Agenda garapen jasangarrirako esparrutzat hartu dugun hiriok proiektuak eta jarduketak betetzeko hasierako fasean gaude, baina aurretik lanketa-prozesu eta diagnostiko partekatu luzea egin dugu.

Foroan aukera izan genuen ikasteko eta ikuspegiak trukatzeko hiriek honako gai hauetan duten rolari buruz: deskarbonizazioa eta arkitekturaren ahalmena helburu hori lortzeko aurrerapausoak emateko; metropoli-agendak; etxebizitza; hiri-ekonomia; osasuna; erronka demografikoa; berrikuntza; hiri-erresilientzia; hiri-berroneratzea edo gobernantza.

Jardunaldietan landu ziren gaien artean, aipagarria da Etxebizitza eta Hiri Agendako Ministerioaren apustua metropolietako hiri-agendak bultzatzeko. Horri esker, espazio bat partekatu eta erronka berberak dituzten herritarren bizi-baldintzak hobetuko dira. Hori horrela, lantegietako batean gaur egun ditugun erronkak aztertu ziren, baita metropolietako hiri-agenda bat ezartzen lagundu dezaketen baldintzak ere. Lantegi hori metropolietako hiri-agendaren lantaldeak antolatu zuen. Iruñeko Udaleko Estrategia Bulegoa lantalde horretako kidea da.

Bestalde, beste hiri-erronka batzuei buruz eztabaidatu eta irtenbideak adostu ziren. Hauexek ziren erronka aipagarrienak:

  • – Etxebizitza: Konplexua eta larria den arazo bati irtenbideak bilatzeko beharra.
  • – Osasuna: Hirien diseinuak osasunean duen garrantzia eta horren erabilgarritasuna askotariko arazoak prebenitzeko eta konpontzeko (arnasketa-arazoak, istripuak, erasoak, gaixotasun mentalak…); hori guztia ahaztu gabe bakardadearen erronkari heldu behar zaiola, hirietan bizi diren herritar askok pairatzen baitute.
  • – Berrikuntza: Hiriak hiri-laborategi bihur daitezke, hiri-errealitatearen barruan askotariko irtenbide teknikoak probatzeko.
  • – Nazioarteko ekintzak: Beste toki batzuetan dituzten arazoei irtenbideak bilatzea, eta irakaspenak ateratzea oraindik ere afektuei eta pertsonen arteko hurbiltasunari oso loturik dauden lan-erak dituzten gizarteetatik.
  • – Hiri-berroneratzea: Begirada eraikita dagoen hirian finkatzeak duen garrantzia; izan ere, batzuetan ez da beharrezkoa hiri-bilbea handitzen duten lurzoru edo baliabide berriak erabiltzea gaur egun ditugun arazoak konpontzeko.
  • – Hiri-agenda gobernantza-tresna gisa: Hiriek dituzten erronka guztiek planifikazio eta programazio egokia behar dute. Hori horrela, hiri-agenda tresna egokia izanen da helburu batzuk ezartzeko eta horiek bete daitezela lortzeko.

Ikaskuntza horiei esker atzeraelikatuko ditugu Iruña 2030 Hiri Agendaren proiektuak.

Argibide gehiago

Igo 2030 Agendara!

                   

2030eko Iruñeko Hiri Agenda erakundeek, eragileek eta herritarrek hiri hobea lortzeko elkarrekin egindako lanaren emaitza da. Hiri iraunkorra, berdeak, inklusiboa eta irekia lortzeko helburuarekin.
Contacta en oficinaestrategica@pamplona.es