Iruñeko Udalak ibilgailu elektriko berriak izanen ditu urtea amaitu baino lehen

2025/12/10

% 100 elektrikoak diren bi furgoneta berri izanen ditu Iruñeak, gizarte-enplegu babestuko programaren ibai-parkeko garbiketa-, lorezaintza- eta mantentze-lanetako lantaldeen garraio- eta mugikortasun-beharrak asetzeko xedez. Osagai hauek dituzte bi ibilgailuek: 5 eserleku, alboko ate lerragarri beiraztatua, klimatizagailua, ixte-sistema zentralizatua eta beira-jasogailu elektrikoa.

Gizarte-enplegu babestuko programak aldi baterako kontrataziorako lanpostuak eskaintzen dizkie Udaleko gizarte-zerbitzuen erabiltzaileei, errenta bermatua jasotzen dutenei eta gizarte-arrisku edo -bazterketa egoeran daudenei. Lan-jarduera programaren 11 jarduera-lantaldeetako batean egiten dute, eta lantalde horien bidez, hain zuzen, hirirako onuragarriak diren gizarte-ekintzak egiten dira. Kontratazio-aldian prestakuntza, laguntza eta lan- eta gizarte-arloko jarraipena jasotzen dute, haien enplegagarritasuna hobetze aldera.

Bestalde, Iruñeko Udaltzaingoaren Hurbiltasuneko eta Bide Segurtasuneko Brigadak ere ibilgailu berriak izanen ditu: bi ibilgailu trinko edo SUV dira, biak ala biak % 100 elektrikoak. Inbertsioak Europako Next Generation EU funtsen finantzaketa du, Moves III laguntza-programaren bidez, Espainiako Gobernuaren Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan. Ibilgailu horiek urtea amaitu baino lehen entregatuko dira, errotulatu gabe, eta zuriak izanen dira.

Prestazio handiko ibilgailu elektrikoak dira, eta hiri-bilbeko bideetan barna zirkulatzeko gaitasuna izateaz ez ezik, udal-flota berritu eta Udaltzaingoaren eraginkortasun operatiboa hobetzen dute. Hori gutxi balitz, ibilgailu horiek eskuratzea funtsezkoa da berotegi-efektuko gasen isuriak nabarmen murrizteko, hots-kutsadura minimizatzeko, erregaiekin eta mantentze-lanekin lotutako gastuek behera egiteko eta zerbitzu operatiboaren erabilgarritasuna hobetzeko.

Aipatu ibilgailuak eskuratzeari esker, Iruñeak aurrera egiten du PE 112 Mugikortasun Elektrikoa proiektuaren helburuak betetzeko prozesuan.

Argibide gehiago:

Ehuneko ehunean elektrikoak diren bi furgoneta berri izanen ditu Iruñeak, gizarte-enplegu babestuko programaren garraio- eta mugikortasun-beharrak asetzeko xedez

Iruñeko Udaltzaingoak % 100 elektrikoak diren prestazio handiko bi ibilgailu berri ditu

IRUÑEKO UDALEKO LANGILEEK BIDEZKO MERKATARITZARI BURUZKO PRESTAKUNTZA JASO DUTE NAFARROAKO BIDEZKO MERKATARITZAREN PARTZUERGOAREN ESKUTIK

2025eko abenduaren 2a

Iruñeko Udaleko zenbait unitatetako langileek bidezko merkataritzaren arloko prestakuntza jaso zuten Udalaren beraren Garapenaren aldeko Lankidetza Programak antolatutako saio batean.

Helburua bidezko merkataritzari buruz sentsibilizatzea zen, hura nola susta daitekeen balioesteko. Saioa SETEM Nafarroa eta Oxfam Intermón elkarteetako zenbait kidek eman zuten, joan den azaroaren 27an, Geltokin. Entitate horiek, Equi Mercado eta Alboan erakundeekin batera, Nafarroako Bidezko Merkataritzaren Partzuergoa osatzen dute. Partzuergo hori 2003tik ari da lanean Iruñean, kontsumo arduratsuaren eta bidezko merkataritzaren sustapenaren eta hedapenaren alde eginez.

Saioan honako gai hauek jorratu ziren: bidezko merkataritzaren definizioa eta haren harremana pertsonen eskubideekin eta ingurumenaren babesarekin, ziurtatzeko sistemak, produktuak eta horien merkaturatzea.

Era berean, nabarmendu zen 2030 Agendaren Garapen Jasangarriko Helburuekiko (GJH) harremana (bereziki, 12. GJHa – Ekoizpen eta kontsumo arduratsuak), eta zenbait adibide aurkeztu ziren, agintari publikoek bidezko merkataritza kontratazio publikoaren eta bestelako ekimenen bidez nola laguntzen ahal duten erakusteko.

Saioak ordubete iraun zuen, eta elkarte horiek eskainitako kafe batekin eta bidezko merkataritzako pastekin eman zitzaion amaiera.

Jardunaldiaren aurkezpenaren kartela

Iruñeko Udalak horrelako ekimenak aurreikusten ditu PE 207 Kontsumo arduratsua proiektuan, Iruña 2030 Hiri Agendaren esparruan.

Iruñeko Udalak eta Nafarroako Unibertsitateak ideien laborategi bat abian jarriko dute hiriaren hirigintzarekin eta arkitekturarekin lotutako proiektuak garatzeko

2025eko azaroaren 26a

Iruñeko Udalak eta Nafarroako Unibertsitateko Arkitekturako Goi Eskolak (ESAUN) ideien laborategi bat abian jarriko dute, hiria hobetzeko proiektu urbanistikoak eta arkitektonikoak garatzeko asmoz. Horretarako, lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute, Iruñean CTLab bat sortzeko; hau da, laborategi teknologiko eta sortzailea, ikasleen prestakuntza eta ikerketa sustatuko duena. Proiektua hiru urtez garatuko da, baina beste hiru urtez luzatzeko aukera dago.

Iruñeko Udalak konpromisoa hartzen du hiriari konponbide berritzaileak emanen dizkioten proiektu eta ideia berriak babesteko, besteak beste, honako arlo hauetan: jasangarritasuna, mugikortasuna, merkataritza, hirigintza eta digitalizazioa. Bestalde, CTLab Pamplona – Iruña laborategiak ikaskuntza-zerbitzuko proiektuak bultzatuko ditu. Horiei esker, ikasleek prestakuntza jasotzen jarraitu eta, aldi berean, egungo arazoei benetako konponbideak emanen dizkiete. Era berean, hiriari zerbitzu bat eskainiko diote. Horretarako, ESAUNek konpromisoa hartzen du konponbide horien inguruko azterlanak eta ikerketak egiteko, Udalaren interesekin bat. Era berean, une oro egiten ari diren jardueren berri emanen dio Udalari.

CTLab Pamplona – Iruña laborategiak hiru proiektu landuko ditu: Lehenbizikoan, Iruñerriko Mankomunitatearen egoitzara sartzeko eremuan zenbait proposamen efimero sortuko dira; bigarrenean, bizikletak konpontzeko lantegi bat sortuko da campusaren inguruan, inguru hori EuroVelo ibilbidearen parte baita; eta hirugarrenean, Santa María la Real auzorako hiri-berroneratzeko proposamenak eta ideiak proposatuko dira.

Udalak hedatuko ditu CTLab Iruña laborategian garatzen diren proiektuen emaitzak. Horretarako, erakustaldiak eta erakusketak antolatuko ditu.

Jarduketa honetaz gain, badira beste zenbait ekimen, hala nola Smart Iruña Lab (deialdia azaroaren 28ra arte dago zabalik), zeinetan hiria laborategi bihurtzen baita, enpresek, ekintzaileek eta unibertsitateek hobekuntza-ekintzak proposa ditzaten.  

Argibide gehiago

Iruñeko Mankomunitateak Klima Aldaketarako eta Energiarako 2030 Estrategian egindako aurrerapenak aurkeztu zituen

2025/11/19

Javier Zardoya Iruñerriko Mankomunitateko Energia Berriztagarrien eta Azpiegituren teknikariak Iruñeko Mankomunitatearen Aldaketa Klimatikorako eta Energiarako 2030 Estrategian egindako aurrerapenak aurkeztu zituen azaroaren 5ean,Life Plan4CET Europako proiektuak antolatutako jardunaldi batean; Nafarroako Gobernua da proiektuaren burua, eta Iruñeko Udalak ere egitasmoan parte hartzen du. Jardunaldia, hain zuzen ere, Mankomunitatearen egoitzan izan zen, Pinaquy aretoan zehatz-mehatz, eta bertan Plan4CET proiektuaren gainerako bazkideen ordezkariek hartu zuten parte.

Javier Zardoyak ekitaldian aurkeztu zituen estrategia horretan egindako aurrerapenak. Hain zuzen ere, estrategia horrek erantzuna ematen dio 2030ean neutraltasun klimatikoa izateko helburuari, Mankomunitatearen Plan Estrategikoan zehaztutakoari jarraikiz. Hori lortzeko, Iruñerriko Mankomunitateak kudeatutako zerbitzuen osagarritasuna baliatu nahi da, zirkulartasuna abiapuntu hartuta zerbitzuen arteko sinergiei etekina atera nahi baitie erakunde horrek. Hala, egun eraikitzen ari diren Iruñerriko Ingurumen Zentroan sortuko den biogasa erregai gisa erabiliko da Iruñerriko Hiri Garraioko autobusetan eta zerbitzuetan sortutako hondakinak biltzeko kamioietan. Mankomunitateak kudeatzen dituen azpiegituretan jartzen ari diren instalazio fotovoltaikoak ere lagungarriak izanen dira energia-autosufizientzia lortzeko, besteak beste, Uraren Ziklo Integraleko eraikin industrial nagusietan jartzen ari direnak, baita Egillor, Urtasun eta Eugi urtegietan sortzen den energia hidraulikoa ere.

Iruñerriko Mankomunitateak Iruñeko Hiri Agenda – 2030 Estrategia garatzeko Tokiko Ituna sinatu zuten erakundeetako bat da, eta Klima Aldaketarako eta Energiarako Estrategia Iruña 2030 Hiri Agendan dago jasota (PE 103 – karbono-aztarnarik gabeko Mankomunitatea); nolanahi ere, helburu anbiziotsuagoa du estrategia horrek: Iruñeak neutraltasun klimatikoa izatea 2050ean.  

Argibide gehiago

Sarean lanean III. Hiri Foroan

2025eko azaroaren 12a

Urriaren 22an eta 23an, Iruñeko Udaleko Estrategia Bulegoko zuzendari Iñaki Apezteguiak Coruñan egin zen Espainiako III. Hiri Foroan parte hartu zuen. Bertan izan ziren Hiri Agenden ezarpenari lotutako hainbat entitate publiko eta pribatutako ordezkariak. Hain zuzen, Etxebizitza eta Hiri Agendako Ministerioko eta gure hiriko ordezkariez gain, Nafarroako Gobernuak ere parte hartu zuen; izan ere, hiriok ditugun erronkei aurre egiteko, beharrezkoa da administrazioaren maila desberdinen arteko lankidetza, askotan hainbat administrazioren eskumenekoak diren jarduketak koordinatu behar baitira.

Bestalde, gure inguruko hirietan oso antzeko erronkei aurre egin behar diegunez, lankidetza bertikala ez da nahikoa; aitzitik, berdinen artean lankidetzan aritu behar dugu hiriok elkarrengandik ikas dezagun erronka handi horien inguruan aurrerapausoak emateko.

Edizio honetan “Espainiako Hiri Agenda: planifikaziotik ezarpenera” leloa zuen gaia jorratu zen. Hain zuzen, Hiri Agenda garapen jasangarrirako esparrutzat hartu dugun hiriok proiektuak eta jarduketak betetzeko hasierako fasean gaude, baina aurretik lanketa-prozesu eta diagnostiko partekatu luzea egin dugu.

Foroan aukera izan genuen ikasteko eta ikuspegiak trukatzeko hiriek honako gai hauetan duten rolari buruz: deskarbonizazioa eta arkitekturaren ahalmena helburu hori lortzeko aurrerapausoak emateko; metropoli-agendak; etxebizitza; hiri-ekonomia; osasuna; erronka demografikoa; berrikuntza; hiri-erresilientzia; hiri-berroneratzea edo gobernantza.

Jardunaldietan landu ziren gaien artean, aipagarria da Etxebizitza eta Hiri Agendako Ministerioaren apustua metropolietako hiri-agendak bultzatzeko. Horri esker, espazio bat partekatu eta erronka berberak dituzten herritarren bizi-baldintzak hobetuko dira. Hori horrela, lantegietako batean gaur egun ditugun erronkak aztertu ziren, baita metropolietako hiri-agenda bat ezartzen lagundu dezaketen baldintzak ere. Lantegi hori metropolietako hiri-agendaren lantaldeak antolatu zuen. Iruñeko Udaleko Estrategia Bulegoa lantalde horretako kidea da.

Bestalde, beste hiri-erronka batzuei buruz eztabaidatu eta irtenbideak adostu ziren. Hauexek ziren erronka aipagarrienak:

  • – Etxebizitza: Konplexua eta larria den arazo bati irtenbideak bilatzeko beharra.
  • – Osasuna: Hirien diseinuak osasunean duen garrantzia eta horren erabilgarritasuna askotariko arazoak prebenitzeko eta konpontzeko (arnasketa-arazoak, istripuak, erasoak, gaixotasun mentalak…); hori guztia ahaztu gabe bakardadearen erronkari heldu behar zaiola, hirietan bizi diren herritar askok pairatzen baitute.
  • – Berrikuntza: Hiriak hiri-laborategi bihur daitezke, hiri-errealitatearen barruan askotariko irtenbide teknikoak probatzeko.
  • – Nazioarteko ekintzak: Beste toki batzuetan dituzten arazoei irtenbideak bilatzea, eta irakaspenak ateratzea oraindik ere afektuei eta pertsonen arteko hurbiltasunari oso loturik dauden lan-erak dituzten gizarteetatik.
  • – Hiri-berroneratzea: Begirada eraikita dagoen hirian finkatzeak duen garrantzia; izan ere, batzuetan ez da beharrezkoa hiri-bilbea handitzen duten lurzoru edo baliabide berriak erabiltzea gaur egun ditugun arazoak konpontzeko.
  • – Hiri-agenda gobernantza-tresna gisa: Hiriek dituzten erronka guztiek planifikazio eta programazio egokia behar dute. Hori horrela, hiri-agenda tresna egokia izanen da helburu batzuk ezartzeko eta horiek bete daitezela lortzeko.

Ikaskuntza horiei esker atzeraelikatuko ditugu Iruña 2030 Hiri Agendaren proiektuak.

Argibide gehiago

Lehen urratsak Iruñeko Udalaren bizikleta elektrikoak alokatzeko zerbitzua Iruñerriko gainerako tokietara zabaltzeko.

Hamabost udal eta kontzejutako ordezkariak joan den urriaren 24an bildu ziren, Iruñeko Udalak eta Iruñerriko Mankomunitateak deituta, jakiteko ea beren udalerrietan ezarri nahi duten gaur egun Iruñean martxan dagoen bizikletak alokatzeko sistema.

Lehen bilera horren ondoren, hurrengo hitzordu baterako deia egin da. Aurreikusi da bertan aztertzea sistema zabaltzeak udalerri bakoitzean izanen duen eragin ekonomikoa. Ride On enpresaren bidezko zerbitzuaren emakida likidatzeko prozesuan, Iruñeko Udalak 40 geltokiren eta 400 bizikletaren stocka eta horiek instalatzeko eta merkaturatzeko eskubideak erosi zituen, zerbitzua etorkizunean zabaldu ahal izateko.

Bilera horien bidez, Iruñeko Udalak eta Iruñerriko Mankomunitateak baloratu nahi dituzte bizikleta-lotura hurbileko udalerrietara zabaltzeko nahia eta aukera, bidegorriak bezalako azpiegituretatik edo mugikortasun iraunkorreko politiketatik haratago. PE 107 Iruñerriko mugikortasuna PMUS-HMJP proiektu estrategikoari lotutako ekimen honen bidez, bizikleta elektrikoak alokatzeko sistema zabaldu nahi da, gaur egun Iruñeko sistemak dituen ezaugarri berberekin, beste herri batzuetara, herritarren mugikortasuna erraztu eta garraiobide iraunkorrak sustatzeko.

Argibide gehiago

Zabalik dago Smart Iruña Lab programaren deialdia: Iruñeko Udalak sustatzen du, eta helburu du Smart City esparruan proiektu pilotuak bultzatzea.

Iruñeak Smart Iruña Lab ekimenaren laugarren edizioa gauzatzeko ibilbideari ekin dio: benetako arazoei ikuspuntu berritzaileetatik aurre egin nahi dien ideia berritzaile eta eskalagarrien laborategia da. Urriaren 17tik azaroaren 28ra arte, ‘hiri adimendunaren’ (Smart city) kontzeptura egokitzen diren proiektu pilotuak aurkezteko interesa duten pertsonek eta enpresek aukera izanen dute beren ideiak garatzeko hautaketa-prozesu batean parte hartzeko, mugikortasunaren, energia-efizientziaren edo energia berriztagarrien arloetan, besteak beste.

Udalak mota horretako proiektuak benetako ingurune batean probatzeko aukera emanen die hautatutako proiektuei, bai eta berrikuntzari (negozio-ereduak, komunikazioa, networkinga, etab.) lotutako aholkuak eta prestakuntza ere, hautatutako pertsona eta enpresei proiektuei eta haien emaitzei buruz berri emateko bideak eskainita.

Udalak mota horretako proiektuak benetako ingurune batean probatzeko aukera emanen die hautatutako proiektuei, bai eta berrikuntzari (negozio-ereduak, komunikazioa, networkinga, etab.) lotutako aholkuak eta prestakuntza ere, hautatutako pertsona eta enpresei proiektuei eta haien emaitzei buruz berri emateko bideak eskainita.

Argibide gehiago

Iruñeak bi milioi euro jasoko ditu Tokiko Garapen Integraturako Estrategien deialditik Arrosadia auzoaren garapenerako.

Auzoan ezin hobe proiektuak Arrosadia suspertzea du helburu, eta osatzeko bidean da dagoeneko: 2.176.874 euroko Europako laguntza jaso du, Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren (EGEF) bidez. Iruñeko Udalak laguntzen ebazpena jaso du, eta Tokiko Garapen Integraturako Estrategien barruan sartzen dira. Jasotako zenbatekoa proiektuaren aurrekontuaren, 5.442.185 euroren, % 40 da.

Auzoan ezin hobe proiektuak hainbat jarduketa integratu biltzen ditu, hauexek aipagarrienak: kulturarteko eta gizarte-bizikidetzarako zentro bat garatzea Guelbenzu zinema zaharraren eremuan, zeina birgaitu eginen baita eta loturik baitago Iruña 2030 Hiri Agendaren PE208 – Kulturarteko eta gizarte-bizikidetzarako zentroa proiektu estrategikoari; hiri-espazioa birnaturalizatzea eta aktibatzea, zeinak lagunduko baitu PE101 – Azpiegitura Berde eta Urdineko Plana proiektu estrategikoaren helburuak lortzen; auzoaren energia-birgaitzea, Arrosadian PE219 – Auzoetako Energia Birgaitzea plan estrategikoaren bidez ezarriko dena; eta, azkenik, ikus-entzunezko ekosistema digital bat sortzea, Zolina Ikus-entzunezkoen gunea izenekoa (PE401 – Ikus-entzunezkoen Hub-a).

Argibide gehiago

Iruñeko Udalak alorren arteko lantalde bat eratu du azpiegitura berde, urdin eta drainatze jasangarriko sistema hiritarraren eremuetan aurrera egiteko.

Urriaren 1ean bildu zen lehen aldiz Iruñeko Udaleko Azpiegitura Berdeen Lantaldea. Bertan, Proiektuetako eta Mugikortasuneko, Hiri Kontserbazioko (Lorategietako Zerbitzua) eta Hirigintzako (Jasangarritasuneko, Gobernu Estrategikoko eta Hirigintza Gerentzia) Alorretako ordezkariek parte hartu zuten. Lantalde honen xedea da Iruñeko Udala ezartzen ari den Azpiegitura Berde eta Urdineko eta Hiri-drainatze Jasangarriko Planaren jarraipena egitea. Plan hori joan den martxoan aurkeztu zitzaien herritarrei, hainbat hilabetez lan teknikoa egin eta herritarrei irekitako parte hartzeko prozesu baten ondoren.

Planaren bidez, hiriko azpiegitura berdeak eta urdinak bateratu eta sustatu nahi dira, ibaiak ardatz hartuta. Helburu nagusia sare koherente eta jasangarri bat sortzea da, eta hari esker, ibai-inguruneak hiri-bilbearekin konektatu eta biodibertsitatea eta klima-aldaketari aurre egiteko erresilientzia hobetuko dira. Planak Azpiegitura Berdeen (AB) udal-sistema baten parte izaten ahal diren elementuak jasotzen ditu. Elementu horiek lurraldean berezko nortasun berezia duten tokiak dira, arrazoi fisiolografikoak direla eta (ibaiak, errekak, hezeguneak, akuiferoak, etab.), araubidea dutelako (naturguneak, ibilbide ekologikoak, etab.), edo gizarte- eta kultura-arlokoak direlako (bide berdeak, bide historikoak, monumentuak, etab.). Era askotakoak dira, baina Azpiegitura Berdeetako elementuek balio dute ekosistemen zerbitzuak era sistematikoan eta ordenatuan ematen dituzten lurraldeko gune natural edo erdinaturalak identifikatzeko.

Planak jasangarritasun-irizpideak, klima-aldaketara egokitzeko irizpideak eta naturan oinarritutako irtenbideak eransten ditu hiri plangintzan. Azpiegitura berde eta urdineko eredu bat sortzen da, klimaren agertoki berrien aurrean hiriaren erresilientzia hobetzen duena; hiri-drainatzearen estrategia jasangarri bat definitzen da, lurraren iragazkortasuna handitzeko; udal-ordenantzen eredu bat proposatzen da, eta ibai-gunearen trataera berezia ematea planteatzen da, biodibertsitatea babestea eta erabilera publikoa uztartzen dituena. Planak 25 memoria ditu, herritarrek eta udal-teknikariek parte hartzeko prozesuetan landutako proiektuak etorkizunean garatzeko balioetsiak. Proposamen horiek zerikusia dute berdegune eta lorategi berriak sortu, guneak birnaturalizatu eta ibilbide jasangarriak sortzearekin.

Azpiegitura Berde eta Urdineko Plana eta Hiri Drainatze Jasangarriko Estrategia RUNA 2025 proiektuaren A1 eta A2 ekintzen barruan daude. RUNA 2025 proiektuak 2,7 milioi euro lortu ditu Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren (MITECO) Biodibertsitate Fundazioaren laguntzen deialdian, Europar Batasunak eta Next Generation EU funtsek finantzatutako Suspertze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan.

Plan hau Iruñeko Udalaren, Energia Trantsiziorako eta Klima Aldaketarako 2030 Estrategiaren barruan dago, klima-aldaketaren kontrako neurriak hartzea eta hura arintzea lantzen duena, gizarte-osagaia kontuan duela.

Sanduzelai auzoa eraldatuko duen proiektuaren idazketa adjudikatu da

Iazko apirilean, Iruñeko Udalak Sanduzelai auzoa eraldatzeko ideia-lehiaketa bat (epaimahai teknikoarekin) deitu zuen. Aukeratu ziren hiru proposamenekin (‘Auzo gehiago, oztopo gutxiago’, ‘Hiru marran’ eta ‘berde-ARIAN’) parte hartzeko prozesu bat egin zen auzotarrekin.

Aste honetan, Iruñeko Udaleko Hirigintza Gerentziak OFS Architects eta SERTECNAri adjudikatuko dio berde-ARIAN izeneko proposamen irabazlearen proiektuaren idazketa. Mugarri oso garrantzitsua da Iruña 2030 Hiri Agendaren PE212 – Sanduzelaiko biribilgunea proiektuan aurrera egiteko.

Sanduzelai eraldatzeko xedez, bi esku-hartze hauek dira funtsezkoak: Nafarroa etorbidea lurperatzea eta oinezkoei lehentasuna emanen dien gune nagusi, handi eta naturalizatua sortzea.

Proiektua idazteko epea 2026ko amaieran amaituko da, eta aurreikuspenen arabera, hiru urte baino gehiago beharko dira berde-ARIAN proiektuan jasotako jarduketak betetzeko. Aurrekontua 31,9 milioi eurokoa izanen da, gutxi gorabehera.

Urriaren 6an, astelehenarekin, 18:30ean, informazio-saio bat eginen da Sanduzelaiko Civivoxean, aukeratutako proposamena herritarrei aurkezteko. Bertan udal-teknikariak eta proposamena idatzi duen taldeko kideak egonen dira, eta auzoa eraldatzeko proiektu honetan aurreikusten diren jarduketak zehatz-mehatz azalduko dituzte. Izan ere, proiektuak, auzoaren erdian dagoen biribilgunearen arazoa konpontzeaz gain, haratago joan nahi du, Sanduzelairako jarduketa-plan integrala izanen baita.

Argibide gehiago

Igo 2030 Agendara!

                   

2030eko Iruñeko Hiri Agenda erakundeek, eragileek eta herritarrek hiri hobea lortzeko elkarrekin egindako lanaren emaitza da. Hiri iraunkorra, berdeak, inklusiboa eta irekia lortzeko helburuarekin.
Contacta en oficinaestrategica@pamplona.es