2026ko maiatzaren 6a
Iruñeko Udalak Kultura Turismoko Produktuen Klubaren dinamizazioa kontratatu du, Iruñeak helmuga gisa duen lehiakortasuna hobetu eta kultura-turismoak hirian duen eragin turistiko eta ekonomikoa areagotzeko. Kontratuak laguntza teknikoa barne hartzen du, klubaren egunerokoan kudeaketa-lanak egin eta kide diren eta izanen diren entitateak erakarri eta dinamizatzeko.
Adjudikaziodunak (Aldaz Aravio Torre Nerea eta Cabestrero Echeverria Mikel Sozietate Irregularra) enpresak sentsibilizatu eta kide egiteko plan bat landuko du, honako hauek barne hartuta: ekintzen kronograma eta klubaren parte izaten ahal diren enpresa, entitate eta erakundeak aktiboki bilatzeko plan bat. Era berean, zeregin hauek izanen ditu: kluba osatzen duten enpresei zuzendutako jarraipen eta enpresa-hobekuntzarako plan bat egitea, kluba sustatu eta merkaturatzeko plan bat sortzea eta klubaren parte diren entitate eta enpresei prestakuntza, aholkularitza eta laguntza teknikoko plan bat proposatzea.
Gaur egun, 23 enpresa eta entitatek osatzen dute kluba, besteak beste, museoak, hotelak, jatetxeak eta upeltegiak, baita gune turistikoak ere, esate baterako San FermIN! Espazioa. Laguntza teknikoaren bidez, kide kopuruak gora egin dezan bilatuko da, eta, horretarako, Iruñeak eta ingurumariek eskaintzen dituzten kultura-turistikoaren esparru guztiei helduko zaie eta jatorriz klubaren parte den sektore publiko eta pribatuaren aliantza estrategikoa indartuko da.
Iruñeko Kultura Turismoko Produktuen Kluba hiriko eskaintza kulturala sustatu eta hobetzeko estrategia da, eta turista eta bisitariei eskaintzen zaien zerbitzua bateratzea du helburu, bikaintasuna lortze aldera. Gainera, jarduera turistikoen programa baten bidez, turismoaren urtarokotasuna etetea eta merkatuak dibertsifikatzea du xede.
Egitasmo honen bidez hiriak aurrerapausoak ematen ditu Iruña 2030 Hiri Agendako 409. proiektu estrategikoko San Fermin 360º proiektuaren helburuak lortzeko bidean.
Argibide gehiago