2026ko uztailaren 16a
Iruñeko Tokiko Gobernu Batzarrak adinekoendako apartamentuen zerbitzua arautzen duen ordenantza berria onetsi du, aurreko araudia (1999koa) ordezkatzeko. Helburu nagusiak honako hauek dira: PE 2010 Adinekoendako Arreta Eredu Berria proiektu estrategikoarekin bat, zerbitzuaren kalitatea hobetzea pertsona erdigunean jartzen duen eredu baten bidez; itxaron-zerrendak murriztea eta zerbitzua eskuratzeko eta kudeatzeko irizpideak eguneratzea; eta araudia azken 25 urteetako gizarte-aldaketetara egokitzea.
Ordenantza berriak adinekoendako udal-apartamentuak –egun udalak 143 apartamentu ditu Iruñeko zenbait auzotan banatuta 288 plazara arteko edukierarekin– eskuratzeko irizpide berriak ezartzen ditu; honako hauek dira: Iruñean erroldatuta egotea gutxienez bi urteko antzinatasunarekin, etxebizitza-arazo larria izatea (espazio falta, oztopo arkitektonikoak, kalean egotea…), autonomoa izatea eta bere kabuz baliatzeko gaitasuna izatea, hileko kuota ordaintzeko gaitasun ekonomikoa izatea eta aldeko gizarte-txostena aurkeztea.
Kontsulta publiko baten ondorioz, sartzeko puntuazioa berrantolatu zen eta itxaron-zerrendan emandako denboragatik lortutako puntuak 20tik 15era murriztu ziren. Gainerako 5 puntuak diru-sarreren irizpideari gehitu zitzaizkion, baliabide gutxien dutenei laguntze aldera. Beste zenbait irizpide ere zehaztu dira, honako alderdi hauei loturik: etxebizitza-arazo larria, norbere kabuz baliatzeko gaitasuna, gaitasun ekonomikoa eta zerga-betebeharrak.
Gainera, egoiliarren betebeharrak eta balorazio-batzordearen eginkizunak ere birformulatu dira.
Diru-sarrerak baloratzeko erreferentzia ez da orain arte bezala Lanbide arteko Gutxieneko Soldata (LGS) izanen, Nafarroako Gobernuak Errenta Bermatuari buruz urtero finkatzen duen zenbatekoa baizik. Horrek, hobeki doituko du ebaluazioa tokiko gizartearen errealitatera.
Gobernu Batzarrak onetsi ondoren, Herritarren Aferen Batzordeak berrikusiko du ordenantza eta Osoko Bilkuran aurkeztuko da behin betiko onespena eman eta indarrean sar dadin.
Argibide gehiago