2026ko irailaren 24a
Tokiko Gobernu Batzarrak Iruñeko Udalaren Irisgarritasun Integralerako Kontseiluaren Erregelamendu Orokorraren proiektua onetsi du. Erregelamenduak, besteak beste, Kontseiluaren osaera eta eginkizunak jasotzen ditu, parte-hartze sektorialeko kide anitzeko organo gisa. Haren helburua da Iruñeko irisgarritasun unibertsalaren alde lan egiten duten herritarren eta erakunde adierazgarrienen ordezkaritza eta parte-hartzea antolatzea, irisgarritasun integralari buruzko udal-politikak aztertzeko eta elkarrekin lantzeko. Haren eginkizunak informatzea, kontsultatzea eta proposamenak egitea dira. Kontseiluaren barruan Desgaitasunaren Arloko Lantalde Iraunkorra dago, xede nagusia duena Kontseiluari laguntzea desgaitasuna duten pertsona guztiak bizitzaren alderdi guztietan gizarteratzen, haien parte-hartze soziala zailtzen duten oztopo guztiak (arkitektonikoak, ekonomikoak, kulturalak, hezkuntzakoak, sozialak, legalak eta abar) ezabatzen lagunduz, eta gaiari buruzko lege-araudia betetzen dela zainduz.
Iruñeko Udalak, Irisgarritasun Plana ezartzeko estrategiaren barruan, Irisgarritasun Unitatea jarri zuen martxan 2026ko ekainean, irisgarritasunaren arloko udal-ekintza guztiak koordinatzeko. Unitate horren lana hiru zutabe nagusitan egituratzen da: teknikari bat, irisgarritasunaren arloko udal-politikei buruzko guztia koordinatzen eta kudeatzen duena; Iruñeko Udalaren Irisgarritasun Integralerako Kontseilua, urte amaieran lanean hasiko dena; eta Irisgarritasuneko Urteko Plan Operatiboa, Kontseiluaren lehen bileran aurkeztuko dena (bertan, 2027. urterako aurreikusitako neurriak izanen dira hizpide).
Dagoeneko egindako jardueren artean, nabarmentzekoa da SVIsual jarri dela martxan duela gutxi. Espainiako zeinu-hizkuntzan egindako bideo-interpretazio zerbitzua da SVIsual, entzumen-desgaitasuna duten pertsonei herritarren arretarako hamar bat udal-zerbitzutarako sarbidea errazteko. Sistema horri esker, gorrak eta entzuleak denbora errealean komunikatzen ahalko dira beren artean, zeinu-hizkuntzaren bideo-interpretearen figuraren bidez. .
Argibide gehiago