2025/12/10
% 100 elektrikoak diren bi furgoneta berri izanen ditu Iruñeak, gizarte-enplegu babestuko programaren ibai-parkeko garbiketa-, lorezaintza- eta mantentze-lanetako lantaldeen garraio- eta mugikortasun-beharrak asetzeko xedez. Osagai hauek dituzte bi ibilgailuek: 5 eserleku, alboko ate lerragarri beiraztatua, klimatizagailua, ixte-sistema zentralizatua eta beira-jasogailu elektrikoa.
Gizarte-enplegu babestuko programak aldi baterako kontrataziorako lanpostuak eskaintzen dizkie Udaleko gizarte-zerbitzuen erabiltzaileei, errenta bermatua jasotzen dutenei eta gizarte-arrisku edo -bazterketa egoeran daudenei. Lan-jarduera programaren 11 jarduera-lantaldeetako batean egiten dute, eta lantalde horien bidez, hain zuzen, hirirako onuragarriak diren gizarte-ekintzak egiten dira. Kontratazio-aldian prestakuntza, laguntza eta lan- eta gizarte-arloko jarraipena jasotzen dute, haien enplegagarritasuna hobetze aldera.
Bestalde, Iruñeko Udaltzaingoaren Hurbiltasuneko eta Bide Segurtasuneko Brigadak ere ibilgailu berriak izanen ditu: bi ibilgailu trinko edo SUV dira, biak ala biak % 100 elektrikoak. Inbertsioak Europako Next Generation EU funtsen finantzaketa du, Moves III laguntza-programaren bidez, Espainiako Gobernuaren Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan. Ibilgailu horiek urtea amaitu baino lehen entregatuko dira, errotulatu gabe, eta zuriak izanen dira.
Prestazio handiko ibilgailu elektrikoak dira, eta hiri-bilbeko bideetan barna zirkulatzeko gaitasuna izateaz ez ezik, udal-flota berritu eta Udaltzaingoaren eraginkortasun operatiboa hobetzen dute. Hori gutxi balitz, ibilgailu horiek eskuratzea funtsezkoa da berotegi-efektuko gasen isuriak nabarmen murrizteko, hots-kutsadura minimizatzeko, erregaiekin eta mantentze-lanekin lotutako gastuek behera egiteko eta zerbitzu operatiboaren erabilgarritasuna hobetzeko.
Aipatu ibilgailuak eskuratzeari esker, Iruñeak aurrera egiten du PE 112 Mugikortasun Elektrikoa proiektuaren helburuak betetzeko prozesuan.
Argibide gehiago:
Ehuneko ehunean elektrikoak diren bi furgoneta berri izanen ditu Iruñeak, gizarte-enplegu babestuko programaren garraio- eta mugikortasun-beharrak asetzeko xedez
Iruñeko Udaltzaingoak % 100 elektrikoak diren prestazio handiko bi ibilgailu berri ditu