2026ko urtarrilak 7
Iruñeko Udalak parteidetzazko diagnostiko bat egin zuen 2025ean, Santa María la Realen hainbat lantegi eta elkarrizketa egiteari esker. Diagnostikoak agerian utzi zuen eremu hori hobetu beharra zegoela, ez baitzegoen oinezkoendako ibilbide irisgarri eta segururik eta agerikoa baitzen asfalto gehiegi zuten espazioak naturalizatzeko beharra. Emaitza horiek ikusita, Udalak erabaki zuen lehen esku-hartzea egitea Lakartxela Mendiaren eta Mendaur Mendiaren kaleen arteko bidegurutzearen inguruan, baina aurrez 2026rako aurreikusitako ideien lehiaketa egin beharra dago.
Berrurbanizazio-lan horien barruan, galtzada murriztu eta oinezkoendako gunea handitu da (espaloiak zabalduz), irisgarritasun unibertsaleko irizpideak oinarri hartuta. Oinezkoen pasabide berri bat eta berdegune eta egonleku berriak ere sortu dira, eta drainatze jasangarriko sistema hiritarrak instalatu dira. Nafarroako Gobernuak 22.581,18 euro emanen ditu jarduketa hauetarako, Lurralde Kohesiorako Departamentuaren Tokiko agendak garatzen dituzten proiektu edo ekintzak gauzatzeko udaletarako 2025eko dirulaguntzak izeneko deialdiaren bidez.
Aipatu esku-hartzea lagungarria izanen da Santa María la Realeko alde hori berroneratzeko, eta, beraz, baita PE206 – Hiriaren berroneratzea proiektuaren helburuak lortzeko ere, oinezkoendako gune atseginagoa sortuko baita (PE109 – Iruña ibiltaria). Horrek guztiak erraztuko du espazioa egonleku eta bizilagunen arteko elkargune gisa erabiltzea; halaber, pertsonen presentzia bultzatzen denez, segurtasuna ere handiagoa izanen da. Era berean, espazio osasungarri bat sortzen du, naturan oinarritutako irtenbideak (drainatze jasangarriko sistema hiritarrak) barne hartzen baititu, eta, gainera, irtenbide horiek lagungarriak dira hiri erresilienteagoak sortu eta klima-aldaketarekin lotutako muturreko gertakariei aurre egiteko, hala nola bero-boladak eta uholdeak.
Proiektua honako hauen barruan kokatzen da: Iruña 2030 Hiri Agendaren lerro estrategikoak, Iruñeko Azpiegitura Berde eta Urdineko Plana, eta Irisgarritasun Plana. Espazio horretarako jarduketa espezifikoa den arren, erakusten du hiria proiektu integratuen bidez (alderdi sozialak, parte-hartzea barne, eta ingurumen-alderdiak kontuan hartzen dituztenak) eraldatzen joateko beharra eta borondatea.
Argibide gehiago