Albisteak

Albistea

Albisteak

Sarean lanean III. Hiri Foroan

2025eko azaroaren 12a

Urriaren 22an eta 23an, Iruñeko Udaleko Estrategia Bulegoko zuzendari Iñaki Apezteguiak Coruñan egin zen Espainiako III. Hiri Foroan parte hartu zuen. Bertan izan ziren Hiri Agenden ezarpenari lotutako hainbat entitate publiko eta pribatutako ordezkariak. Hain zuzen, Etxebizitza eta Hiri Agendako Ministerioko eta gure hiriko ordezkariez gain, Nafarroako Gobernuak ere parte hartu zuen; izan ere, hiriok ditugun erronkei aurre egiteko, beharrezkoa da administrazioaren maila desberdinen arteko lankidetza, askotan hainbat administrazioren eskumenekoak diren jarduketak koordinatu behar baitira.

Bestalde, gure inguruko hirietan oso antzeko erronkei aurre egin behar diegunez, lankidetza bertikala ez da nahikoa; aitzitik, berdinen artean lankidetzan aritu behar dugu hiriok elkarrengandik ikas dezagun erronka handi horien inguruan aurrerapausoak emateko.

Edizio honetan “Espainiako Hiri Agenda: planifikaziotik ezarpenera” leloa zuen gaia jorratu zen. Hain zuzen, Hiri Agenda garapen jasangarrirako esparrutzat hartu dugun hiriok proiektuak eta jarduketak betetzeko hasierako fasean gaude, baina aurretik lanketa-prozesu eta diagnostiko partekatu luzea egin dugu.

Foroan aukera izan genuen ikasteko eta ikuspegiak trukatzeko hiriek honako gai hauetan duten rolari buruz: deskarbonizazioa eta arkitekturaren ahalmena helburu hori lortzeko aurrerapausoak emateko; metropoli-agendak; etxebizitza; hiri-ekonomia; osasuna; erronka demografikoa; berrikuntza; hiri-erresilientzia; hiri-berroneratzea edo gobernantza.

Jardunaldietan landu ziren gaien artean, aipagarria da Etxebizitza eta Hiri Agendako Ministerioaren apustua metropolietako hiri-agendak bultzatzeko. Horri esker, espazio bat partekatu eta erronka berberak dituzten herritarren bizi-baldintzak hobetuko dira. Hori horrela, lantegietako batean gaur egun ditugun erronkak aztertu ziren, baita metropolietako hiri-agenda bat ezartzen lagundu dezaketen baldintzak ere. Lantegi hori metropolietako hiri-agendaren lantaldeak antolatu zuen. Iruñeko Udaleko Estrategia Bulegoa lantalde horretako kidea da.

Bestalde, beste hiri-erronka batzuei buruz eztabaidatu eta irtenbideak adostu ziren. Hauexek ziren erronka aipagarrienak:

  • – Etxebizitza: Konplexua eta larria den arazo bati irtenbideak bilatzeko beharra.
  • – Osasuna: Hirien diseinuak osasunean duen garrantzia eta horren erabilgarritasuna askotariko arazoak prebenitzeko eta konpontzeko (arnasketa-arazoak, istripuak, erasoak, gaixotasun mentalak…); hori guztia ahaztu gabe bakardadearen erronkari heldu behar zaiola, hirietan bizi diren herritar askok pairatzen baitute.
  • – Berrikuntza: Hiriak hiri-laborategi bihur daitezke, hiri-errealitatearen barruan askotariko irtenbide teknikoak probatzeko.
  • – Nazioarteko ekintzak: Beste toki batzuetan dituzten arazoei irtenbideak bilatzea, eta irakaspenak ateratzea oraindik ere afektuei eta pertsonen arteko hurbiltasunari oso loturik dauden lan-erak dituzten gizarteetatik.
  • – Hiri-berroneratzea: Begirada eraikita dagoen hirian finkatzeak duen garrantzia; izan ere, batzuetan ez da beharrezkoa hiri-bilbea handitzen duten lurzoru edo baliabide berriak erabiltzea gaur egun ditugun arazoak konpontzeko.
  • – Hiri-agenda gobernantza-tresna gisa: Hiriek dituzten erronka guztiek planifikazio eta programazio egokia behar dute. Hori horrela, hiri-agenda tresna egokia izanen da helburu batzuk ezartzeko eta horiek bete daitezela lortzeko.

Ikaskuntza horiei esker atzeraelikatuko ditugu Iruña 2030 Hiri Agendaren proiektuak.

Argibide gehiago

Sarean lanean III. Hiri Foroan

Partekatu albiste hau

Igo 2030 Agendara!

                   

2030eko Iruñeko Hiri Agenda erakundeek, eragileek eta herritarrek hiri hobea lortzeko elkarrekin egindako lanaren emaitza da. Hiri iraunkorra, berdeak, inklusiboa eta irekia lortzeko helburuarekin.
Contacta en oficinaestrategica@pamplona.es