Albisteak

Albistea

Albisteak

Iruñeko Udalak alorren arteko lantalde bat eratu du azpiegitura berde, urdin eta drainatze jasangarriko sistema hiritarraren eremuetan aurrera egiteko.

Urriaren 1ean bildu zen lehen aldiz Iruñeko Udaleko Azpiegitura Berdeen Lantaldea. Bertan, Proiektuetako eta Mugikortasuneko, Hiri Kontserbazioko (Lorategietako Zerbitzua) eta Hirigintzako (Jasangarritasuneko, Gobernu Estrategikoko eta Hirigintza Gerentzia) Alorretako ordezkariek parte hartu zuten. Lantalde honen xedea da Iruñeko Udala ezartzen ari den Azpiegitura Berde eta Urdineko eta Hiri-drainatze Jasangarriko Planaren jarraipena egitea. Plan hori joan den martxoan aurkeztu zitzaien herritarrei, hainbat hilabetez lan teknikoa egin eta herritarrei irekitako parte hartzeko prozesu baten ondoren.

Planaren bidez, hiriko azpiegitura berdeak eta urdinak bateratu eta sustatu nahi dira, ibaiak ardatz hartuta. Helburu nagusia sare koherente eta jasangarri bat sortzea da, eta hari esker, ibai-inguruneak hiri-bilbearekin konektatu eta biodibertsitatea eta klima-aldaketari aurre egiteko erresilientzia hobetuko dira. Planak Azpiegitura Berdeen (AB) udal-sistema baten parte izaten ahal diren elementuak jasotzen ditu. Elementu horiek lurraldean berezko nortasun berezia duten tokiak dira, arrazoi fisiolografikoak direla eta (ibaiak, errekak, hezeguneak, akuiferoak, etab.), araubidea dutelako (naturguneak, ibilbide ekologikoak, etab.), edo gizarte- eta kultura-arlokoak direlako (bide berdeak, bide historikoak, monumentuak, etab.). Era askotakoak dira, baina Azpiegitura Berdeetako elementuek balio dute ekosistemen zerbitzuak era sistematikoan eta ordenatuan ematen dituzten lurraldeko gune natural edo erdinaturalak identifikatzeko.

Planak jasangarritasun-irizpideak, klima-aldaketara egokitzeko irizpideak eta naturan oinarritutako irtenbideak eransten ditu hiri plangintzan. Azpiegitura berde eta urdineko eredu bat sortzen da, klimaren agertoki berrien aurrean hiriaren erresilientzia hobetzen duena; hiri-drainatzearen estrategia jasangarri bat definitzen da, lurraren iragazkortasuna handitzeko; udal-ordenantzen eredu bat proposatzen da, eta ibai-gunearen trataera berezia ematea planteatzen da, biodibertsitatea babestea eta erabilera publikoa uztartzen dituena. Planak 25 memoria ditu, herritarrek eta udal-teknikariek parte hartzeko prozesuetan landutako proiektuak etorkizunean garatzeko balioetsiak. Proposamen horiek zerikusia dute berdegune eta lorategi berriak sortu, guneak birnaturalizatu eta ibilbide jasangarriak sortzearekin.

Azpiegitura Berde eta Urdineko Plana eta Hiri Drainatze Jasangarriko Estrategia RUNA 2025 proiektuaren A1 eta A2 ekintzen barruan daude. RUNA 2025 proiektuak 2,7 milioi euro lortu ditu Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren (MITECO) Biodibertsitate Fundazioaren laguntzen deialdian, Europar Batasunak eta Next Generation EU funtsek finantzatutako Suspertze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan.

Plan hau Iruñeko Udalaren, Energia Trantsiziorako eta Klima Aldaketarako 2030 Estrategiaren barruan dago, klima-aldaketaren kontrako neurriak hartzea eta hura arintzea lantzen duena, gizarte-osagaia kontuan duela.

Iruñeko Udalak alorren arteko lantalde bat eratu du azpiegitura berde, urdin eta drainatze jasangarriko sistema hiritarraren eremuetan aurrera egiteko.

Partekatu albiste hau

Igo 2030 Agendara!

                   

2030eko Iruñeko Hiri Agenda erakundeek, eragileek eta herritarrek hiri hobea lortzeko elkarrekin egindako lanaren emaitza da. Hiri iraunkorra, berdeak, inklusiboa eta irekia lortzeko helburuarekin.
Contacta en oficinaestrategica@pamplona.es